Herritar batek salatu du Bermeok Kontxako Bandera irabazi zuen egunean taldekoak ez ziren elastikoak jantzi zituela.
Urdaibaiko arraunlari bat, Athletic-eko elastiko batekin, joan den igandean. (Argazkia: PSE-EE)
Donostia Festak atalak espedientea ireki dio Urdaibai arraun elkarteari, Kontxako bandera emateko unean, arraunlariek ez zegokien arropa emateagatik. Herritar batek jarri salaketa jarri du, estropaden araudia urratzen zuelako Bermeoko kuadrillako bi kideren janzkerak. Salaketa horren ondorioz, erakundeak esku hartu behar izan du. Izan ere, araudiaren arabera, partaideek ezin dute euren taldekoa ez den bestelako arroparik eman, estropada jokatzera irteten diren unetik lehorrera itzuli arte.
Urdaibaiko kideak Kontxako bandera hartzeko katamaranera igo zirenean, bi lagunek elkarteari ez dagokion janzkera zeramaten, eta alkatearen ondoan jarri ziren. Estropaden araudia kontuan hartuta, eta herritar batek salaketa jarri duenez, erakundeak ebatzi du gertaera hori arau-hauste arina izan daitekeela. Hala, klubak egun batzuetako epea izango du orain alegazioak jartzeko. Espediente horrek ez dakar klubarentzako zigor ekonomikorik.
Kontxako estropaden araudiko 9. artikuluak honela dio, bigarren idatz zatian: “Estropadaren ikusgarritasuna eta zuzentasuna zaintzeko, partaide guztiek euren taldearen kamiseta jantzi beharko dute portuko arrapalatik irteten direnetik bertara itzultzen diren arte, hau da, izena emateko eskaeran adierazitako kolore bereko kamiseta eraman beharko dute”. Eta hau ere gehitzen du: “Salbuespen gisa, antzeko kirol-arropa erabili ahal izango dute, baldin eta baldintza klimatikoek edo kirol-baldintzek hala eskatzen badute. Haatik, arropa horietan babeslearen izena edo logotipoa, elkartearen izena, ordezkatzen duten herriaren izena eta traineruaren izena besterik ezingo dira azaldu”.