Unai Elizasu: 'Zintzilik'
Bukatu da. Garbigailuak, orain bost minutu eman du abisua. Astelehenaren astelehenez, besaulkitik ahal nuen moduan altxa, eta ireki dut atetxo biribila.
Hor daude eta hor joan dira, igandeko izerdi usain eta kresal arrastoak. Hor joan dira, galtzetan marraztu zitzaizkidan bazkalosteko sagardo zipriztinak, eroritako zerbezetan itotako zapatilak ere, berjaio dira…
Pintzak (elhuyarrentzat, matxardak) hartu, eta banan bana, zintzilikatu ditut. Gure arraun jantzia (arraunlariontzat, platanitoa) hartu eta… zenbat neke, sufrimendu, zenbat une on eta une off… zenbatetan busti zaitu itsasoak, zenbatetan busti zaitu ezinak…
Kirolariok, defektuz, gauzak begiratzeko modu desegokia dugu. Eta esperientziaren ikuspegitik diot. Pozik beharko genukeenean, badugu barne min bat, pena… gauzak ez ditugula, gure kirolari dagokion moduan egin. Hala ere, denborak, pena eta mina, poz bihurtzeko baditugu nahiko arrazoi. Gure historiaren liburuan, urre kolorez idatzitako lerroak dira aurtengoak. Izan zitekeena eta ezin izan den horren gainetik, egindakoa geratzen delako. Eta egindakoa, historikoa izan da. Gure seme eta bilobei esan ahalko diegu, klubera ekarritako lehen hiru banderak, gure esku ahur izerditsuetan izan ditugula dantzan. Lehenak izatearen ohore hori dugu. Eta ohore hori, izan genezakeen dolore horri gailenduko zaio.
Orain, igandeko estropadan, izerditan ito zinen jantzi hori, esekiko (“zintzilikatu”, gure etxeko hiztegian) zaitut. Eta balkoian jarriko zaitut, eta banderak bezela, egizu haizetan dantza. Jarriko zaitut, jende guztiak ikusteko moduan. Jarriko zaitut, itsasoari begira. Horrenbeste eman eta horrenbeste kendu dizun itsaso zabal eta eder horri begira.
Eta hilabeteetako izerdi metatuaren oroitzapen hori, zure hari finetan barrena katiaturik direla, gordeko zaitut. Gordeko zaitut, urtean zehar erabilitako bestelako mahuka luze, motz eta mahuka gabeko kamisetekin batera, euritako eta bixera, galtza motz eta luze… denak batera, hor sartuko zaituztet, tiraderan, txukun txukun.
Egunero irekitzen zen tiraderan da zuena. Baina gaurtik aurrera, hor egongo zarete lasai-lasai. Baduzue, eguneroko garbigailuaren zorabiotik lasaitzeko garaia. Denbora batez, ez duzue hotz-bero aldaketarik sentituko… ez duzue olatuen sustorik biziko.
Eta tiraderaren goikaldean, aurtengo argazki bat ipiniko dut. Orioko bandera irabazitako uneko irudia. Zutik, harro, bi besoak gora, zainetan odola saltoka, begietan emozio malkoak, taldekideen eta lagunen besarkada, anaiar(en/i) muxua, zalegoaren poza… polita izan zen.
Polita izan da. Bukatu da. Mila esker, gure ondoan izan zareten guztioi. Guri babes emandako guztiei. Ixilean guregatik lan egindakoei, taldekide eta taldea osatu duzuen guztioi… eta batipat, mila esker, gure eguneroko tostakideari…
Orain, atsedena hartzeko garaia da.