Sarek herri sare bat osatuko du larunbatean, Zinemaldiaren azken egunean, Kursaal eta Sagues artean; Osasungintzako hainbat langilek bat egin dute mobilizazioarekin; «oinarrizko eskubideak urratzen diren bitartean, ezin dugu geldirik geratu», esan dute
Donostia Ospitalearen aurrean egindako agerraldia. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Sarek larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatuko du bihar, 17:00etan, Kursaal eta Sagues artean egingo duen herri sarearen bitartez.
Hainbat eragilek eta norbanakok eman diote atxikimendua mobilizazioari; herenegun, esaterako, Osasungintzako hainbat langilek bat egin zuten deialdiarekin, Donostia Ospitalearen sarrera nagusian egindako elkarretaratzean adierazi bezala: «Ezin dugu egoera krudel honekin jarraitu. Osasungintzako langile gisa, gaixorik dauden presoen oinarrizko osasun eskubideak urratzen diren bitartean, ezin dugu geldirik geratu».
Hain zuzen ere, euskal presoei ezartzen zaien sakabanaketa politika «krudela» eta «mendekaria» dela salatu zuten, «are eta gehiago larriki gaixorik dauden presoen kasuetan». Hauei oinarrizko osasun eskubideak ukatzen zaizkiela nabarmendu zuten: «Gaixotasun larriaren lehen zantzuak agertzen direnetik, azterketa eta diagnosi sendoa lortu arte, urteak pasatzen dira. Bitartean, gaixotasunak bere bidea egiten jarraitzen du. Ez dira beraien gorputzen eta osasunaren jabe, ezin dute familiaren babesa sentitu, ezta une larrietan ere».
Osasungintzako langileen hitzetan, «kideen laguntza ukatzen zaie. Bakardadean eraman behar dute gaixotasunaren zama astuna eta mingarria, eta egoera hau bereziki larria da gaixotasun piskologikoz jota daudenentzat».
Esklerosiak, minbizia, muturreko arazo pskologikoak, bihotzeko gaixotasun larriak, ikusmen arazo larriak… hainbat dira presoek pairatzen dituzten gaixotasunak, Donostia Ospitaleko langileek jakinarazitakoaren arabera: «Egoera muturrekoa da eta preso hauen familia eta ingurunea beti kezkatuta daude, beti erne, beti telefono dei baten beldur, beti ezinean bere senidea zaintzeko, beti sufritzen». Espetxe politikak giza eskubideak urratzen dituela berretsi zuten. «Erabaki politikoak oinarrizko giza eskubideen gainetik jartzen dituzte», erantsi zuten.
«Egoera luzatzen doa»
Biharko mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Kursaaletik. Zinemaldiaren azken egunarekin egingo du bat, Sarek gogora ekarri bezala. «Hemen, Euskal Herrian, filmek jasotzen ez duten egoera krudela luzatzen doa gugan, etxe eta familia asko sufrimendu lazgarrira behartzen. Eta, zoritxarrez, ondoan dugun egoera hau askotan ez dugu ikusi ere egiten. Film honen protagonistak urrun daude, espetxeetan sakabanaturik, eta, azpimarratu nahi ditugun kasuetan, oso egoera larrietan, pairatzen dituzten gaixotasun sendaezinengatik», azaldu zuten deitzaileek.