Xabier Vazquez: 'Haterrak'
Xabier Vazquez; Realzalea
Ingelerazko hate aditzetik –gorroto izan, gorrotatu– dator hater izena, gorrotoa duen pertsona. Nire ustez lover hitzak berak baino grin handiagoa ezkutatzen du hitz honek. Izan ere, maitasunak eta miresmenak ezin dute intentsitatean lehiatu gorrotoarekin edo higuinarekin. Reala maitatzeko modu asko daude, baina batzuen kasuan ez dakit love edo hate duten euren taldea.
Ez dira gutxi Realeko zale izatea etengabeko sufrimendu bihurtu dutenak. Beti haserre, beti ozpinduta, ez da giro Realari buruz lasai eztabaidatu eta onean eta txarrean, ezkontza ostean moduan, Realaz gozatzeko. Bada izugarri interesgarri irizten diodan jende bat, dagoeneko sare sozialetan Realaz apenas txiokatzen duena.
Eta pena da, beste edozertan bezala, hemen ere interesgarri zitzaizkidan gauzak esaten baitzituzten.
Beste taldeei dagokienez, bakoitzak bere maniak ditu, nik Barçari gero eta nazka handiagoa diot. «Irabazten duelako izango da». 10 puxtarri beste aldeko irakurle azkarrarentzat. Irabazten duelako eta bertako neska-mutil askorentzat tentazioa delako, zure etxeko taldea jarraitu beharrean etengabe, bolo-bolo, komunikabideetan aipatzen dituzten bi talde txepel horien zale egitea.
Halere hater-ek pertsonak ere hartzen dituzte begitan. Zerrenda izugarria dugu gure jokalarien artean. Eta Granadako hiru golen egileak ere badu zerrenda. Ezagutu nahi? Bilatu Twitterren paketetxe.
Erregulartasun gutxiko aurrelaria da Imanol, oso boladen mendekoa. Eta iaz, adibidez, ez zen batere fin ibili. Baina oro har zenbaki txukunak izan ditu jokatu dituen minutuetarako. Eta zalantzarik gabe Realerako baliagarria da.
Ez dut horrekin esan nahi, inondik inora, ez genuela beste aurrelaririk behar. Antza, Jonathasen etorrerak lehiakortasun puntua eman dio Imanoli, eta ona da taldearentzat hori. Eta Jonatahasek ere asko eman ahal dio –jokoan behintzat– taldeari.
Hasiera honetan, golerako oso fin ibili ez den arren, gauza oso onak erakutsi ditu. Hori bai, horrelako izaera duten jokalariak, oldarkorrak, begiradatxoak egiten dituztenak, sesioan erraz sartzen direnak… oro har ez ditut gustuko. Diego Costa gogorarazten dit, ziurrenik zale –eta jokalarien artean– hater gehien izango dituenetako bat.
Liga normal batean, Ingalaterran, merezi duena jaso du Costak: hiru partida jokatu gabe kiroltasunik gabeko jokaera edukitzeagatik. Hau da, hiru partida behar gabeko bultzada, protesta, ostiko eta bere show partikularra egin gabe. Bere hater-ek biziki txalotu dugun erabakia.