San Telmo Museoaren horman egin dute dantza, ‘Harresiak’ filma ikusteko ilararen aurrean; Karmele Soler makillatzaileak ere ustekabea jaso du saria jasotzerakoan.
Karmele Solerrek Aitana Sanchez Gijonen eskutik jaso zuen Zinemira Saria. (Argazkia: Donostia Zinemaldia)
Hollywoodeko aurpegi ezagunetatik harago, badaude Zinemaldia aberasten duten hainbat profesional. Oharkabean pasatzen dira askorentzat, baina ez dira horregatik gutxiago; Zinemira saila, lekuko.
Geroz eta harresi gehiagok banatzen du mundua. Gai hau hartzen du abiapuntu gisa Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren
Harresiak filmak –Igor Otxoa donostiarrak ekoizle gisa parte hartu du–. Eta batez ere, harresien bi aldeetan bizi diren gizakiak dira protagonistak: alde bateko nahiz besteko pertsonak funtsean berdinak direla erakustea da gakoa. Harresien zentzugabekeria mahai gainean jarri eta ikusarazten du dokumentalak.
Larunbat arratsaldean estreinatu zuten Zinemira saileko filma Principe aretoan, eta ikuskizun berezia prestatu zuten kanpoaldean, emanaldiaren atarian. Ilara luzea zegoen Harresiak filma ikusteko zain, eta ustekabean harrapatu zituen San Telmo Museoaren horman egin zuten dantza saioak. Bartzelonako Sacude konpainiako kideak dantzatu ziren San Telmo Museoko aurrealdearen horman, dantza bertikala eginez. Oreka TX-en doinuen erritmoan dantzatu ziren konpainiako kideak.
Sanchez Gijonen eskutik
Argi eta flash guztietatik aldenduta, kamerino artean egotera ohituta dago Karmele Soler makillatzaile donostiarra. Astearte gauean, ordea, protagonista izan zen Viktoria Eugenia Antzokian egin zuten euskal zinemaren galan. Zinemira Saria jaso zuen ibilbide profesional osoagatik. 50 film baino gehiagotan lan egin du, eta, Euskal Telebistan lanean hasi zenetik, zinemagile ospetsuen filmetan parte hartu du.
Aitana Sanchez Gijon aktore eta adiskideak eman zion saria Solerri, ezustean, donostiarrak ez baitzekien ezer. Duela 22 urte ezagutu zuten elkar, eta geroztik beti lan egin nahi izan du Solerrekin. Lanari esker lagun handi bat ezagutu duela esan zuen. Bitxikeria gisa kontatu zuen Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak Zinemira sariaz hitz egiteko deitu ziola Solerri, eta donostiarrak uste zuela sariduna makillatzera joan beharko zela. Pertsonaiei distira eman eta aldarteak sortzeko trebetasuna duela azpimarratu zuen aktoreak.
“Oso hunkigarria da Zinemira saria irabaztea, eta Aitanarengandik jasotzea oparia da. Ez nuen inondik inor espero. Jaialdi honek profesional gisa nola hazi naizen ikusi du, eta une gogoangarriak pasatu ditut hemen”, adierazi zuen Solerrek garaikurra jasotzean. Hunkituta, saria jaso duen lehen emakumea dela azpimarratu du Solerrek: “Lotsa puntu batez baina harro jasotzen dut saria, eta teknikari guztiekin partekatu nahi dut. Lehen emakumea naiz sari hau jasotzen, baina nire atzetik beste asko etortzea espero dut”.
Amari,
Amaia Bontigiri, eskaini zion saria. Parte Zaharreko bizilagun ezaguna zen Bontigi, eta tamalez, udan zendu zen. Hain zuzen, amak kutsatu zion Solerri makillajerako zaletasuna, estetizista baitzen. Donostian hasi zituen estetika ikasketak, eta, bi urte geroago, Madrilen jarraitu zuen makillaje profesionala ikasten, Juan Pedro Hernandez irakasle zuela. 1984an,
Alfredo Landak bultzatuta, Jose Luis Garciren
Sesión contínua filmean Romana Gonzalez makillatzailearen laguntzaile izan zen. Geroago, Parisen zinemarako makillajean espezializatu zen, eta profesionalki ETBko estudioetan eman zituen lehen pausoak.
1986. urte inguruan hasi zen ETBk ekoitzitako lehen filmetan lanean: besteak beste,
Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi),
Ehun metro (Alfonso Ungria) eta
Zergatik panpox (Xabier Elorriaga) pelikuletan. 1989an, lehenengoz, Euskal Herritik kanpo egindako film batean parte hartu zuen: Felipe Vegaren
El mejor de los tiempos-en. Espainiara salto eginda, munduko herrialde askorekin eginiko koprodukzioetan aritu da lanean.
Goya sarietarako hainbat izendapen ere jaso ditu, film hauetan egindako lanagatik:
Noviembre (Achero Mañas),
Inconscientes (Joaquin Oristrell),
También la lluvia (Iciar Bollain) eta
Lope (Andrucha Waddington). 2012an eskuratu zuen
Goya saria, Pedro Almodovarren
La piel que habito filmarekin.
Josean Bengoetxea eta Itziar Ituño aktoreek aurkeztu zuten gala. Euskal zinemaren azken urteko uztaren errepasoa egin zuten, Zinemira saria ez ezik,
urteko euskal gidoi onenaren saria ere banatu zuten Victoria Eugenia antzokian eginiko ekitaldian.
Asier Altunak eta
Telmo Esnalek jaso zuten saria, Joanes Urkixo euskal gidoigileen elkarteko presidentearen eskutik,
Amama filmean egindako lanagatik, pelikula Sail Ofizialean estreinatu eta biharamunean.
Aurten Zinemaldiko Zinemira saria irabazteko
Amama (Asier Altuna),
Pikadero (Ben Sharrock),
Psiconautas (Alberto Vazquez eta Pedro Rivero),
Un otoño sin Berlin (Lara Izagirre),
Jai-Alai Blues (Gorka Bilbao),
Walls (Pablo Iraburu Allegue eta Migueltxo Molina Ayestaran) eta
Gure sor lekuaren bila (Josu Martinez) lehiatuko direla gogorarazi zuten ekitaldian. Sari hori larunbatean emango dute, amaiera galan.