Amale Arzelus, irratian euskaraz aritu zen lehen emakumea hil da
Astelehenean hil zen Amale Arzelus (Donostia, 1924-2015) irrati esatari, antzerkiko aktore, euskaltzale eta idazlea, 91 urte zituela. Ander Arzelus Luzear aitaren eskutik, artean ume zela hasi zen euskarazko irratigintzan parte hartzen eta antzerkiko aktore lanetan. Elbira Zipitriarekin batera lehen andereñoetako bat izan zen, eta eskolak eman zituen San Jeronimo kaleko etxe batean. Antzerkizale saria eman zion EHAZEk 2011n.
IRUTXULOKO HITZA 2012an izan zen Arzelusekin azken aldiz. Euskarazko lehen irratsaioa egin zutenetik 80 urte bete ziren urte hartan. Lehen irratsaio hartako partaide ziren Joseba Zubimendi, Ander Arzelus eta Amale Arzelus omendu zituen Gipuzkoako Aldundiak, eta omenaldia aitzaki, Amale Arzelus elkarrizketatu genuen Grosen, bere etxean. Bere ibilbideaz, euskalgintzaz eta bizitzako hainbat pasartez hitz egin zuen gurekin.
“Gure aitarengandik jaso nuen euskararekiko maitasuna, eta bere metodoarekin irakatsi dut beti”, adierazi zuen 2012ko elkarrizketa hartan. 1932ko martxoaren 2an euskarazko lehen irratsaioa egin zuten Ander Arzelus Luzear-ek eta Joseba Zubimendik, Donostiako Union Radio irratian. Arzelusen alabak, Amalek, 8 urte besterik ez zituela mikrofono aurrean jarrita euskara lau haizeetara zabaldu zuen irratiaren bidez. Aitak idatzitako bakarrizketa, antzezlan eta hitzaldien esatari izan zen haurra, garaiko euskal kulturaren izen handien artean. Hauengandik ikasitako euskararekiko maitasunari eutsi zion bizitza osoan; esatari, antzezle, andereño eta Euskarazaintzako kide gisa, nagusiki.
Erlazionatutako edukiaAmale Arzelus: "Aitarengandik jaso nuen euskararekiko maitasuna"