Natura eta kultura, bat eginda
Hainbat eragile publiko eta pribatuk bat egin dute, Gipuzkoara hurbiltzen diren turistentzako erakargarri berri bat osatuz: Donostiatik Pasaiarako oinezko bidea, Ulian barrena, bost museo ezagutzeko aukerarekin.
Elkarlanerako bide
Albaolako Raul Perezek Pasaiako museoen izenean hitz egin zuen, eskuorriaren aurkezpenean, eta elkarlana nabarmendu zuen. Perezen esanetan, elkarlan esparru horretan, itsas ondarearekin eta itsas kulturarekin loturiko ekimen gehiago garatzea da euren asmoa, aliantzak, sinergiak eta anbizio handiagoko elkarlanak sendotuz. Donostiako zein Pasaiako ordezkariak, gainera, pozik daude itsasoarekin lotutako eskaintza berria dela eta. Hala, Sergio Ekiza Pasaiako Udaleko zinegotziak proposamenak Pasaiara turismoa erakartzeko balioko duela uste du; Manu Narvaez Donostia Turismoaren zuzendariaren ustez, berriz, Donostiaren turismo eskaintza osatzen lagunduko du. Eskuorri berria hainbat gunetan egongo da eskuragai: Victor Hugo Etxea, Albaola, Aquariuma, Ontzi Museoa, San Telmo Museoa, Donostia eta Pasaiako turismo bulegoak eta Gipuzkoako Foru Aldundian. Museoak- Aquarium Donostia -Herria. Donostia, kaia. -Deskribapena. Aquariumak bi solairu ditu 1928an eraikitako egoitza entzutetsuaren barnean, Gipuzkoako itsas ondareari eta itsasketari eskainiak. Guztira 200 arrain espezie baino gehiago biltzen ditu, eta espezie tropikal ugari. Ehunka arrainez inguratuta sentitzeko aukera ematen du 360ºko ikuspegia eskaintzen duen tunelak. -Ordutegia. Uztaila eta abuztuan egunero zabalik: 10:00-21:00. Aste Santutik ekainaren 30era eta irailean, lanegunetan: 10:00-20:00, eta asteburu eta jai egunetan: 10:00-21:00. -Sarrera. 13 euro (helduak), 6’50 (4-12 urte artekoak), doan (4 urtetik beherakoak), 9 euro (pentsiodunak, ikasleak eta langabeak), 38 euro (familia ugariak).
- Ontzi Museoa -Herria. Donostia, kaia. -Deskribapena. Garai batean Kotsultorearen Dorretxe izandako eraikinean dago, XVIII. mendean portuko jarduerak kontrolatzen zituzten bertatik. Euskal Herriko itsas ondarea eta historia jorratzen ditu. -Ordutegia. Asteartetik larunbatera: 10:00–14:00/16:00-19:00; igande eta jai egunetan: 11:00-14:00. -Sarrera. 3 euro (arrunta), 2 euro (bost lagun edo gehiagoko taldeak), 1’50 euro (ikasleak, familia ugariak eta 65 urtetik gorakoak).
- San Telmo Museoa -Herria. Donostia, Parte Zaharra. -Deskribapena. Urgull mendiaren magalean dago, eta Euskal Herriko museorik zaharrena da, 1902an inauguratu zuten (antzinako domingotar komentua). Berritze arkitektoniko baten ondoren, 2011n zabaldu zituen berriro ere ateak. Museoaren bilduma aberatsa da eta euskal gizartearen bizitza eta garapena agertzen ditu. -Ordutegia. Asteartetik igandera: 10:00-20:00. -Sarrera. 6 euro (arrunta), 3 euro (ikasleak, 65 urtetik gorakoak, familia ugariak…), doan (asteartero).
- Albaola -Herria. Pasaia San Pedro. -Deskribapena. Pasaiako badiaren sarreran dago, Uliaren ekialdeko aldean. Itsas faktoria hau, museo bizi bat da. Izan ere, bertan, XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika bat osatzen ari dira, eta bisitariek lanean ikus ditzakete langileak, teknika zaharrak erabiliz. Portu horretan bertan eraiki zuten jatorrizko ontzia, 1563an, eta hortik bi urtera itsasoratu zuten, baleak ehizatzeko. Ternuako kostaldean ondoratu zen. -Ordutegia. Aste Santutik iraila arte: 10:00-14:00/15:00-19:00; urritik Aste Santura: 10:00-14:00/15:00-18:00. -Sarrera. 7 euro (arrunta), 5 euro (ikasleak, familia ugariak, erromesak, langabeak eta 65 urtetik gorakoak).
- Victor Hugo Etxea -Herria. Pasai Donibane. -Deskribapena. XVII. mendeko Pasaiako etxe tipikoa. Bertan Victor Hugo bizi izan zen, 1843ko udan, eta Miserableak eleberria idatzi zuen. Victor Hugo, oroimenera bidaia erakusketaren bidez, merezitako omenaldia eskaini nahi diote idazle ezagunak utzitako marrazki eta idazkien testigantza-multzo baliotsuari. -Ordutegia. Aste Santua, uztaila eta abuztuan: 9:00-14:00/16:00-19:00. Gainerako datetan, asteartetik larunbatera: 10:00-14:00/16:00-18:00, igandeetan: 10:00-14:00. -Sarrera. Doakoa.