'Bizi zure 2016' proiektua Kultur Hiriburutzari begira egin duten arren, etorkizunean ere erabiltzaileentzako tresna bat izatea nahi dute.
‘Bizi zure 2016’ proiektua udaletxean aurkeztu dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
2016ra begira, Donostiako Udalak webgunea berritu du,
donostiarrei eta bisitariei zerbitzu hobeagoa emateko asmoz. Halaxe azaldu du Berrikuntzako zinegotzi Juan Ramon Vilesek gaur goizean udaletxean egin duen prentsaurrekoan.
Bizi zure 2016 proiektuaren helburua
hiriko baliabide eta zerbitzuak hiritar zein bisitariei gerturatzea da; eta, 2016a ez ezik, etorkizunean erabiltzaileek tresna gisa erabiltzea. Atal berria Udal Informatika Zerbitzuarekin elkarlanean prestatu dute. Azken batean, baliabide eta zerbitzuak udalaren webguneko atal berri batean batu dituzte.
Bizi zure 2016 atala modu erraz eta erakargarri batean dago egituratuta, eta ondorengo aukerak ematen ditu: nola iritsi eta mugitu, ekitaldien agenda, plan desberdinak, informazio praktikoa, aplikazioak, sare sozialen direktorio bat, Donostia 2016ko webgunera esteka, Donostia Kalean (uneoro hirian gertatzen ari diren ekitaldi edota egoeren berri ematen duen zerbitzua) eta albisteak. Vilesek nabarmendu du webguneko atalak bere osotasunean aukera ematen duela
bilaketa zehatzak egiteko, “bakoitzaren beharretara egokituak”.
Horretaz gain, elementuak
modu grafiko batean daude antolatuta, atala
lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa) ikusi daiteke, ekitaldiak
geolokalizatzeko aukera dago, eta webguneko atala bera
gailu mugikorretara (tableta eta mugikorra)
egokitua dago. Ahalik eta baliabide eta zerbitzu gehien biltzen saiatu diren arren,
proiektua irekita dago eta hiritarrek parte hartu dezakete atal berriaren osaketan:
“Edozein iradokizun ongietorria izango da”, nabarmendu du Vilesek.