Igoera pixkanaka egingo dute legealdi osoan zehar.
Bulebarreko terraza bat. (Argazkia: Lide Ferreira)
2016ko Zerga Ordenantza adosteko Ogasun batzordea bildu da gaur goizean. Datorren astegunean, urriak 15, egingo dute zerga eta tasen gaineko osoko bilkura berezia, eta ordurako hainbat erabaki hartu dituzte. Jaime Dominguez Macaya, Ogasun eta Finantzetako zinegotziak gainerako taldeek egindako zuzenketak aztertu eta adostasunak lortzeko izandako gaitasuna azpimarratu du.
Terrazen inguruko adostasuna nabarmendu du udal gobernuak. Izan ere, Ogasun batzordean
ahobatez onartu dute Konstituzio plazako terrazei eta Parte Zaharreko gainerakoei, nahiz 1. eta 2. mailako kaleetako
terrazei %3a igotzea. Dena dela, igoera hori ez da bat-batekoa izango; legealdi osoan zehar igoko dituzte tasak.
Bilduren ekarpenak
Josu Ruiz, EH Bilduko zinegotziak ere ontzat jo ditu Ogasun batzordean hartutako hainbat erabaki. Bere esanetan, ez dute nahi zuten guztia lortu, baina “aurrerapen handiak” lortu dituzte.
Bilduk egindako zuzenketak aintzat hartuta adostutako hainbat erabaki aipatu ditu Ruizek.
Ondasun Higiezinen Zerga, adibidez, %1a igotzea aurreikusi zuen udal gobernuak, baina Bilduren proposamenei jarraiki,
%0,75a igoko dute. Hala, aurreikusitakoa baino 100.000 euro gutxiago jasoko ditu udalak, baina Ruizen arabera, galera hori etxebizitza hutsen gaineko zergarekin orekatuko dute. Gogoratu, Bilduk %25a beharrean %50a igotzea proposatu zuela etxebizitza hutsen gaineko zerga. Azken neurri hau, ordea, oraindik ez dute zehaztu; osoko bilkurara bitartean aztertuko dute.
Jardueren gaineko zerga ere, hasiera batean udal gobernuak %1ean igo nahi zuena,
%2a igoko dute, Bilduk proposatuta. Zerga hau milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresek ordaintzen dute. Neurri honekin familien zama handitu beharrean jardueren gaineko zama handituko dutela esan du Ruizek; igoerarekin 75.000 euro gehiago jasoko ditu udalak.
Ibilgailuen gaineko zergan eta zabor nahiz saneamentu zerbitzuen gainekoan izan du Bilduk desadostasunik handiena. Ibilgailuen kasuan, neurria progresiboa izatea nahi zuen Bilduk, hau da, indar handiagoko ibilgailuek gehiago ordain zezatela. Udal gobernuak, ordea, guztiei
%1a igotzea erabaki du. Zentzu honetan, “koherentzia falta” salatu du Ruizek, aurreko legealdian oposizioak %4 jaitsi baitzuen ibilgailuen gaineko zerga.
Zaborrei dagokionez, Ruizen arabera, “gehiegizkoa” da hartutako neurria. Etxe nahiz jardueren gaineko zabor zerbitzuak, eta baita saneamendu zerbitzuak ere,
%5eko igoera izango du, ez dute bereizketarik egingo. Bilduk, ordea, etxeetako zerbitzua eta saneamendukoa bereiztea nahi zuen %1eko igoera jarriz.