Harizko instrumentuek osatzen dute taldea .Groseko Francisco Herrerok biolina jotzen du. Bi abestik ahotsa dute lehen aldiz, Eñaut Elorrietak eta Silvia Iriondok abestuak
Diskoa asteartean aurkeztu zuten, Koldo Mitxelena Kulturunean.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Bere hirugarren diskoa kaleratu berri du Alos Quartet laukoteak:
Garden. Harizko instrumentuek osatzen dute taldea, eta biolina jotzeaz arduratzen da bertan Groseko Francisco Herrero: «Talde honetan parte hartzeagatik oso pozik nago, Xabik sekulako gaitasuna du abestiak sortzeko, nik ez dudana».
Gainontzeko taldekideak honakoak dira: Xabier Zeberio (Nyckelharpa, biolina, kalimba, kontrabaxua), Lorena Nuñez (biola) eta Pello Ramirez (biolontxeloa). Dagoeneko hamasei urte dira taldea sortu zutenetik, eta heldutasunera iritsi direla ziurtatu du Zeberiok: «Laukoteak lortu ditu bere berezko ezaugarriak eta heldutasuna. Lau instrumentu lotzen ditugu ia akustikoan, eta oso garrantzitsua da elkar ulertzea».
Zehazki, Aukeran dantza taldearen Geltokia ikuskizunerako sortu zituzten diskoko zazpi abesti, eta beste sei sorkuntza berrirekin osatu dute lana. Aurreko diskoetatik badu desberdintasun bat Gardenek, abestietako bik ahotsa dutela. Hain zuzen ere, Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietak
Bidaiari ekina abestian kantatu du, Harkaitz Canok idatzitako hitzekin; eta Portugaleko Silvia Iriondok,
Vuelve abestiari jarri dio ahotsa. «Hainbat kantu sotilek eta beste indartsuago batzuk osatzen dute diskoa», argitu du Zeberiok.
Syntorama disketxearekin kaleratu du lana Alos Quartetek, eta, aurkeztu berri duen arren, dagoeneko bi zuzeneko emanaldi lotuak dituzte. Bata Gasteizen izango da, urriaren 18an; bestea, berriz, Tolosako Topic-en, azaroaren 6an.
Kasualitatez sortua
Alos Quartet laukotea kasualitatez sortu zuten, Zeberioren hitzetan: «Niko Etxartek bere etxera joateko deia egin zigun, disko baterako kolaboratzeko. Batzuk ez ginen gure artean ezagutzen, ongi moldatu ginen, eta horrela elkartu ginen. Kasualitatez sortu genuen taldea, baina luzerako izango dela konturatu gara».
“Diskoak egiten ditugu, gure esperientziak mamitzeko nahiarekin”
Francisco Herrero; Alos Quartet-eko kidea.
(Argazkia; Estitxu Zabala)
Hirugarren disko hau orain arteko osoena dela diozue.
Bai. Urteetako lanaren emaitza da. Aukeran dantza taldeak eskatutako pieza batzuk sartu ditugu. Horretaz gain, Xabik eta Pellok erraztasuna dute piezak sortzeko, eta horrela osatu dugu diskoa. Entsegatuz asko hobetu dugu, baina sormenaren momentua oso garrantzitsua da, eta beraiek oso onak dira.
Hamasei urte dira elkartu zinetenetik, baina bakoitzak hainbat proiektu ditu. Nola antolatzen zarete entseatzeko?
Argi eta garbi bakoitzak gure bizimodua daukagu. Diskoak egiten ditugu, gure esperientziak mamitzeko nahiarekin. Badakigu honekin ez garela aberastuko, baina zerbait ematen digu urtean zehar izateko, eta hori oso garrantzitsua da.
Dagoeneko bi zuzeneko emanaldi lotuak dituzue. Gogoz egongo zarete, ezta?
Bai! Jendearekin harremana izateak sentimenduak sortzen dizkizu, gehiago jotzeko eta ikasteko gogoa izaten duzu. Egia esan, Lorena, Xabi eta Pellorekin beti nago irrikitan jotzeko, eta uste dut beraiei ere gauza bera gertatzen zaiela. Esaldi bat gogora etorri zait, La musica es el arte de combinar las agendas de los musicos dioena. Normalean hori gertatzen da, zaila izaten da elkartzea, baina laukotearentzat beti izaten dugu agenda irekita, beti egoten gara prest. Eñaut Elorrieta Gasteizko kontzertuan egongo da, eta gainontzekoetan ikusiko dugu.
Donostian izango duzue kontzerturen bat emateko aukera?
Beti egoten gara horren zain. Badugu gogoa, baina ez da erraza izaten Donostian kontzertu bat ematea. Duela urtebete Oreka TX-rekin eman genuen kontzertu bat Viktoria Eugenian, eta berriro ere halako aukera bat izatea espero dugu.
Nolako kontzertuak eskainiko dituzue?
Kontzertu erakargarriak izango direla uste dut. Ukitu intimo bat izango dute, baina, aldi berean, erritmo biziak ere bai. Bideoklipa jada sarean dago eta We are singlea du oinarri. Oso polita da, eta laukotearen ezaugarriak islatzen dituela uste dut.
Zein izan da zure orain arteko ibilbidea?
Biolin ikasketak egin nituen Donostian, eta gero denboraldi batez atzerrira joan nintzen. Orain irakaslea naiz Errenterian, eta hainbat orkestrekin parte hartu izan dut; Sevillako barrokoekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin… Horretaz gain, lagunekin zerbait egiteko aukera egoten denean, gustura aritzen naiz. Orain Grosen Gerardo Rifon organistarekin beste kontu bat prestatzen ari naiz.