DSSINNOVA 2016 egitasmoaren aurkezpen agerraldia elkarlanaren isla izan zen. Enpresen arduradunak komunikabideen aurrean azaldu ziren asteartean, udal ordezkariekin batera.
DSSINNOVA 2016 osatu duten enpresetako ordezkariak udaletxean izan dira gaur. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal ordezkarien arabera, denbora aurrera doan heinean kultur hiriburutza gero eta babes zabalagoa jasotzen ari da. Oraingoan, hiriko eta Gipuzkoako hainbat enpresen txanda izan da. Izan ere, berrikuntzaren arloko 14 enpresak bat egin dute eta
DSSINNOVA 2016 sortu dute, sarean lan egiteko.
Enpresa bakoitzak gutxienez 3.000 euroko ekarpena egingo dio kultur hiriburutzari, eta norbere arloko ideia eta esperientziak ere partekatuko dituzte. Trukean, enpresa sarea osatzen duten enpresek ikusgarritasuna lortuko dute, Donostia 2016ren babesle globalak bihurtuko baitira, eta DSSINNOVA 2016ren logoa leku nabarmen batean agertuko da hiriburutzaren jardueren baitan sortuko diren komunikazio euskarri guztietan.
Momentuz 14 dira sarea osatuko duten enpresak, baina gehiago nahi dituzte. Hala adierazi du Ernesto Gascok, Ekonomia Sustapeneko zinegotziak. Bere hitzetan, “erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana funtsezkoa da, eta seguru gaude enpresa gehiago erakarriko ditugula”.
Zentzu horretan, hiriburutzako bulegoko zuzendari nagusi Pablo Berastegik adierazi du enpresa txiki eta ertainak direla nagusi hirian, baita Gipuzkoan ere; “ekonomiaren bizkarrezurra” direla esan du. Horregatik, DSSINNOVA 2016k enpresa horiei guztiei “hiriari, lurraldeari eta garapen proiektu bati bultzada eta babesa emateko” atea zabalduko diela esan du, eta parte hartzeko gonbita luzatu du.
Enpresa sarean parte hartu nahi duten enpresa edo eragileek bi bide dituzte. Gipuzkoarrak badira, Sustapen sailaren bitartez (fomentoss@donostia.eus / 943482800); bestela, Donostia 2016 Fundazioaren bitartez (innova@dss2016.eu).
DSSINNOVA 2016 proiektuan, momentuz, hamalau enpresa hauek daude: Kirol Taldea, Idom, ie Team Consultores, Ikertalde, Ikusi-Angel Iglesias, Irisbond, Izadi, Lanik, LKS, MRE, OPE, Tecnalia, Ikei eta Energya VM Grupo Villar.
Sustapeneko arduradunek azaldutakoaren arabera, enpresen zerrendan sektore desberdineko komunitatea agertzen da, eta horrek «lurraldearen errealitatea» erakusten du. “Denek, ordea, ibilbide garrantzitsua dute berrikuntzaren arloan, ikuspegi guztietan: teknologikoa, soziala, antolakuntzakoa, eta abar. Enpresek berrikuntzaren inguruan egiten duten kudeaketa eta jasotako ezagutza Donostiako hirian islatu eta Gipuzkoako lurraldera hedatzen da”, adierazi dute.
Donostiako Sustapenak enpresa-erkidego bat sortzea izan duela helburu nabarmendu dute, “izaera berritzailea izanik lurraldeko ADNaren oinarrizko elementua”.
Egitasmoan parte hartzen ari diren enpresak, baita etorkizunean parte hartuko dutenak ere, sustapen-jardueretan ordezkatuak egongo dira: esate baterako, urriaren 26tik aurrera Berrikuntzaren Astea egingo dute, eta bertan egoteko aukera izango dute. “Lehentasunezko lekua izango dute saioan parte hartuko duten Estatuko eta nazioarteko hizlariekin hitz egin ahal izateko”, aurreratu dute Sustapenetik.