Hizkuntza eskubideei buruz
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari ohi Zigor Etxeburuak hitzaldi bat eman du San Telmon, Bagerak antolatutako Soziolinguistika Solasaldien barruan.
«Ofizialki, euskara ofiziala da; praktikan, herren dago». «Euskarak ez du etorkizuna ziurtatua». «Egoera ez da demokratikoa». «Euskaraz bizitzeko eskubidea zalantzan dagoela dirudi». «Egoera pattalaren eragileak erakundeak dira».
Titularrez betetako solasaldia eskaini zuen Zigor Etxeburuak, asteartean, San Telmo Museoko hitzaldi aretoan. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak Soziolinguistika Solasaldien ikasturte berriari ekin dio, eta Foru Aldundiko Euskara zuzendari ohia gonbidatu zuen lehen saiorako, erakundeen hizkuntza politikei buruz gogoeta egin zezan.
Hitzaldiak ez zuen hutsik egin. Altzatarra zuzena eta kritikoa izan zen; Eusko Jaurlaritzak euskara biziberritzeko finkatu berri dituen printzipioei buruz hitz egiteko orduan, batez ere. Jaurlaritzak osatutako dokumentua ez dute euskalgintza arloko elkarteen artean zabaldu; hori dela eta, edukiaren errepasoa egin zuen lehenik, eta, ondoren, bere iritzia eman zuen. «Inoiz baino euskaldunagoak garela dio dokumentuak, gero eta gazte gehiago direla euskaldun, baina, hori esan arren, orain arteko neurrien luzamendua proposatzen du, eta luzamenduarekin gazteleraz bizitzera kondenatuko gintuzkete», esan zuen.
Hain zuzen ere, euskalduntzea bermatu ez duten neurriak beste 30 urtez aplikatzeko asmoa dutela ohartarazi zuen, zenbait agintariren hitzak gogora ekarrita. Azken finean, hizkuntza politika berarekin jarraitzea helburu dutela berretsi zuen Etxeburuak, nahiz eta dokumentuaren diskurtsoa «oso atsegina» izan: «Euskalgintzako diskurtsoa eurena egin nahi dute, baina banderak lapurtzeko. Euskalgintza desaktibatzeko nahia dago horren atzean».
Bere hitzetan, «marketing operazio bat» besterik ez da. Gainera, dokumentuan kontraesan asko daudela esan zuen: «Ideia bat defendatu eta gero, hurrengo lerroetan aurkakoa esaten dute. Adostasuna merke saldu nahi diote euren bazkideei, PSE-EEri, eta oso garesti euskaldunei».
Lehentasuna
«Bortizkeria fisikorik ez, baina euskararekin bortizkeria instituzionala dago, eta hori zuzendu beharra dago», adierazi zuen Euskara zuzendari ohiak. Bide horretan, aldundian izan diren lau urteetan egindako lana oinarri hartuta, hizkuntza politika goitik behera aldatzea beharrezkoa dela aldarrikatu zuen.
Zentzu horretan, Administrazioa euskalduntzea ezinbestekoa dela berretsi zuen, eta horretarako euskarak lehentasuna izan behar duela azpimarratu zuen. Epeak jartzea beharrezkoa da, bere iritziz: «Zerbitzu guztiak euskaraz noizko izango ditugun esan behar zaio herriari. Bistan da denbora behar dela horretarako, baina zehaztu behar dira epeak. Ezin dugu ad eternum egon».
Euskara eskakizuna bultzatzea erakundeentzat ekonomikoki errentagarria ere izango litzatekeela esan zuen: «Arauan langile guztiek euskaldunak izan behar dutela jarriz gero, erakundeek ez lukete zertan horrenbeste diru gastatu beharko langile berriak euskalduntzeko; Dbusekin gertatuko den bezala». Honen harira, zenbait alderdi politikok «tranpa» egiten dutela kritikatu zuen, «gero euskararentzat diru gehiegi jartzen dela esaten digutelako».
Zenbait neurrik ez dutela hankarik, ez bururik erantsi zuen: «Merkataritza enpresa handiei doako itzulpengintza bermatzeak ez du zentzurik. El Corte Inglesi doan itzuli behar dizkiogu erakusleihoetako kartelak? Enpresa beraren eginkizuna da».
Aurreko legegintzaldian «hitzetatik ekintzetara» pasa zirela erantsi zuen, «ez ginen pankartaren atzean geratu». Hori bai, lorpenak gordetzeko eta lan egiten jarraitzeko direla aitortu zuen, ez «dominak» zintzilikatzeko: «Euskaldunon lorpenak dira. Horiek gorde eta baliatu ditzagun, eta jarrai dezagun aurrera».