Donostia Sustapenak gazteentzako nazioarteko hogei beka eskainiko ditu
Hogeita hamar urtetik beherako gazteek izango dute parte hartzeko aukera
Donostiako Sustapenak nazioartekotze hogei beka eskainiko dizkie hogeita hamar urtetik beherako gazteei. Ernesto Gasco Sustapen Ekonomiko zinegotziak azaldu duenez, atzerrian sei hilabetez ordaindutako praktikak egiteko aukera eskainiko diete beka lortzen dutenei, enpresetan eta erakundeetan, euren ikasketekin lotutako jarduera eta proiektuetan.
Azken batean, Donostiako Sustapenak Donostialdeko enpresak nazioartera zabaltzeko eta gazteen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko estrategiaarekin jarraitzen du. Helburu horiekin erabiltzen dituen tresnetatik bat honako bekak dira.Esparru horretan, proiektu garrantzitsuak lortu dituztela diote arduraduek, besteak beste, Wiesbaden Hiriko Garapen Ekonomikoko Agentziarekin eta lankidetza-proiektuak Europako Kultur Hiriburutzekin (Wroclaw, Pilsen, Aarhus eta Valetta tartean). Gainera, beken plan horrekin, hiriaren nazioarte-mailako proiekzioa ere lortzen dutela diote.
Oraingoan, Bolivian, Hong Kong, Wiesbaden eta Alemania izango dira aukeran egongo diren hirietako batzuk. Izena emateko epea zabalik dago jada, azaroaren 9a artea. Bekadunek 2016ko urtarriletik aurrera egingo dute euren egonaldia.