Perretxiko artean murgilduko dira asteburuan
Euskal Herria leku egokia da onddoak sortzeko, bertako klimari esker. Gainera, biltzeko eremuak ere nahiko hurbil daudenez, mikologiarako zaletasuna oso hedatu dago.
Zaletasun horri jarraiki sortu zuten lau lagunek, Xabier Laskibar, Jose Miguel Elosegi, Jose Miguel Larrañaga eta Xabier Alzuruk hain zuzen, Aranzadi Zientzia elkarteko Mikologia saila, duela 50 urte, 1965. urtean.
Orotara, 3.500 bat onddo mota aurki daitezke Euskal Herrian, eta gehienak sailkatuak dituzte Aranzadiko mikologoek.
Zientzia elkartearen webgunean ikus daiteke onddo eta perretxikoen inguruko informazio biltzen duen datu basea.
Mendira, onddo bila
Udazken hasieran egiten ditu urtero Aranzadi elkarteak Mikologia jardunaldiak. Aurten, gainera, Mikologia sailaren urtemuga biribilarekin bat eginez, egitarau oparoa prestatu dute. Gaur eta bihar (ostiral eta larunbata) mendi irteerak egingo dituzte. Zorroagatik abiatuko dira, 8:30ean, eta arratsaldean, bildutako onddoak banatuko dituzte elkartearen egoitzan (Zorroaga gaina, 11).
Hortaz gain, nazioartean ospe handia duten ikerlarien hitzaldiak eskainiko dituzte. Gaur, Los Ascomicetos, el mundo de los hongos diminutos hitzaldia eskainiko du Enrique Rubiok, 19:00etan. Igandean, berriz, Aportaciones de la biologia molecular al estudio del genero Cantharellus en Europa saioa Ibai Olariagak, 12:00etan.
Bazkari batekin emango diete amaiera jardunaldiei igandean. Saio irekiak dira, baina parte hartu nahi dutenek Aranzadi Zientzia elkartearen webgunean eman behar dute izena.