Xabier Lopetegi: 'Traza txarra'
Xabier Lopetegi, Kazetaria
Pasadizoz beteriko biografiaz gain, futbolari lotutako hainbat hausnarketa esanguratsu utzi zituen Helenio Herrera handiak. Behin baino gehiagotan esan zuen nagusitasuna partida bakoitzean erakutsi behar dela; izenak ez duela ezertarako balio. Ondotxo daki hori Realak. Ustez mailari eusteko borrokan ibiliko diren hainbat talderen aurka aritu da, baina puntu eskasa lortu du. Jokalari bat gehiagorekin ere ez da gai izan gailentzeko, ez Sevillan, ezta azken partidan, Malagan ere.
Egoera barneratzeko lanak dituzte zale askok. Ez da harritzekoa. Jonathas eta, bereziki, Illarramendiren fitxaketek sekulako ikusmina piztu zuten. Aurten bai, zioten askok. Jokalariek ere, zuhurtzia alde batera utzi, eta Europa ibili zuten ahotan. Baita Loren berak ere. Moyes izan zen, beroaldi hartan, animoak hoztu zituena, «taula erditik gora» egotea lorpena izan zitekeela esanez.
Beti bezala, lehiaketa da bakoitza bere tokian jartzen ari dena. Egia da Realak plantilla ikusgarria duela, ustez, baina egia da ere beste talde asko, baliabide gutxiagorekin, nabarmen txukunago ari direla. Hemendik kilometro gutxira begiratu besterik ez dago. Eta arrazoia oso sinplea da, eta konplexua aldi berean. Futbola talde kirola da. Lehiakortasuna ez dago kalitatearekin lotuta soilik.
Goi mailako jokalariek partidak erabakitzen dituzte, bai. Baina oinarri kolektiboak huts egiten badu, jai dago. Eta horretan dabil pattal Reala. Jokalari batzuk sasoi txarrean daude, baina hori baino kezkagarriagoa da sumatzen den kimika falta, automatismorik eza, joko eredu finko baten gabezia, elkarri neurria hartuko ez baliote bezala. Bizitasunik gabe. Inspirazioa iristen ez denean, jakina da lana erruz egin behar dela. Baina horretan ere makal dabil taldea.
Multzoa sekula baino beharrezkoagoa denean, izen propioak dira bolo-bolo dabiltzanak: Moyesen inguruko eztabaida; jokalariekin duen harremana; Velaren etorkizuna; aulkian, edo deialditik kanpo gelditzen ari direnen egoera… Interes berekoiek indarra hartzen dutenean, akabo. Helenio Herrera izan beharrik ez dago Realak, zentzu horretan, oso traza txarra duela ikusteko.