"Kortxoenea gehiago behar ditu Donostiak" aldarrikatu dute Indianoene kaleko eraikinean bildutakoek.
Hainbat lagunek bat egin dute Kortxoenean, gaztetxearen aldeko babesa adierazteko. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kortxoenea eraisteko lanak hasi zituzten irailaren 4an, aurretik erabiltzaileei abixurik eman gabe. Ordutik etengabekoa izan da Groseko gaztetxearen aldeko mugimendua. Izan ere, hondeamakinak duela hilabete iritsi ziren arren, oraindik gaztetxeak zutik dirau, eraiste baimenak tarteko. Hiriko hainbat eragilek bat egitea erabaki dute oraingoan, Kortxoeneari babesa eskaintzeko: “Kortxoenea gehiago behar ditu Donostiak”. Ohar bat irakurri dute hiru lagunek, gaztetxean bildu diren guztien izenean, tartean, ELA, LAB eta CNT sindikatuak; EH Bildu koalizioa; Sortu, Irabazi Donostia, Podemos eta Ezker Anitza-IU alderdi politikoak; eta AHTaren aurkako mugimendua, besteak beste.
Eragileek argi dute, Kortxoeneari euren babes osoa eskaintzen diote, “Kortxoeneak guri eskaini digun gauza bera”. Hala, eraikina bera baino jendartea dela jokoan dagoena diote: “Herria ulertu, antolatu eta eraikitzeko modu desberdinen arteko hautua dago jokoa. Kortxoenea ala luxuzko etxebizitzak, horra paradoxa”. Hala, 2010etik hona hamaika talde eta egitasmok topatu dutela aterpea Kortxoenean diote, eta hamaika dinamika soziopolitikoren hauspo eta sorleku izan dela: “Hiriko herri mugimenduarentzat balio handiko lanabesa”.
Azken batean, “amets fabrikak” bizirik irautea eskatu dute: “Kortxoenea, espazio fisikotik at, haren baitan biltzen duen bizitza da; eta hori, lantegi zahar batean burutzen den eskaintza kulturala baino gehiago da”.
Kortxoenearen aldeko zerrenda:
- Amaia Colina; ELA
- Lurdez Eraso; LAB
- Alfredo Serrano; CNT
- Oihana Etxebarrieta Legrand; Bilgune Feminista
- Manoli Etxeberria Ramajo, Javier Bartolome Mateo, Fernando Garate Elorza, Markos Gabilondo Irala; Komite Internazionalista
- Maialen Briz Erdozia, Mikel Alvarez; AHTaren aurkako taldea
- Mikel Alonsa; 2016 desokupatu
- Josean Sanchez; Grupo Oarso Stop kaleratzeak
- Joseba Alvarez; LIBRE-Eleak
- Ibon Artola, EH Sozialista aldizkaria
- Julen Arregi Etxabe; AK, DBZ mugimendua
- Eneko Pontesta Urruzmendi; Ernai
- Axier Jaka Goikoetxea; EH Bildu
- Nuria Altzugarai Garcia; Sortu
- Amaia Martin eta Loic Alejandro; Irabazi Donostia
- Pepe Pinto eta Aitor Hurate; Podemos
- Xabier Pombo; Ezker Anitza-IU
- Jon Aristizabal Agirre; Equo
- Jon Hernandez Hidalgo; PCE-EPK
- Ignacio Arganda Carreras; Orain Batera Gipuzkoa
- Iñaki Temprano; Ahora en Comun
- Maitane Huarte; Antikapitalista
- Carmen Villar Carbonell, Joxe Piñas, Victor Varela Pastoriza; herritarrak