Egiako Garagardo Azoka, iaz. (Argazkia: Egia Bizirik)
Egia Bizirik auzo elkarteak eta Egia Eskubaloi taldeak garagardo azoka antolatu dute hirugarren urtez. Aurreko urteetako arrakastari jarraipena eman nahi diote, eta lau egunez, garagardo eta jaki eskaintza zabala prestatu dute.
Hala, Plaza Haundi garagardo zaleen topaleku bilakatu da igandera arte; 250 pertsonentzako lekua duen karpa bat jarri dute plazan.
Hainbat herrialdetako 12 garagardo mota eskainiko dituzte, tartean baita Euskal Herrikoak ere. Dastatzen hasi aurretik, ordea, pitxerra euro baten truke eskainiko dute, eta edariari laguntzeko, berriz, ukondoa eta saltxitxak.
Antolatzaileen arabera, Egiako Garagardo Feria egonkortzen ari da, eta erreferentzia bihurtu da auzoko nahiz inguruko herritarrentzat.
Egun osoko plana
Garagardo ezberdinak dastatzeko aukera eskaintzeaz gain, garagardo azoka topaleku bihurtzea nahi dute antolatzaileek. Berdaitz Gurutzeaga, Egia Bizirik auzo elkarteko kidearen arabera, “ez dugu gaueko giroa bilatzen soilik; auzotar guztientzako azoka izatea nahi dugu”.
Helburu horrekin, ordutegi zabala eskaintzeaz gain, musika, bideo-emanaldi eta beste hainbat ikuskizunekin girotuko dute karpa.
Gaur, esaterako, Andoni Oilokiegi bakarlaria arituko da, 22:30ean; bihar, Egiako Mariatxiek hartuko dute lekukoa; eta igandean, Liher bakarlariaren saioa izango da, 15:30ean.
Azoka 18:00etatik 02:00etara irekiko dute gaur; bihar, 13:00etatik 02:00etara; eta etzi, 13:00etatik 22:00etara.