Auzoko jaien denboraldia amaitu da. Martutenen sagardoa eta bakailaoa dastatzen agurtu dituzte festak; Amara Berrin, ‘guarrindongada’ eta paella txapelketekin.
Bakailao txapelketako epaimahaia, Martuteneko ikastolaren jolastokian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Amara Berri eta Martuteneko jaiekin amaitu da auzoko festen denboraldia; Pilar egunean ospatu ohi duten Sagardo Egunak eman zion amaiera jaien sasoiari, hain zuzen ere. Maiatzean hasi ziren festak Morlans eta Bidebietako jaiekin, eta astelehenean agurtu zituzten, datorren urtera arte.
Euri txikiak ez zituen kikildu Martutene eta inguruko herritarrak, eta Arantzazuko Ama ikastolako jolastokia lepo bete zuten astelehenean, eguerditik aurrera. Sagardogileak alde batean, eta artisau, talogile eta baratzako produkturik onenak hartuta etorri ziren nekazariak beste aldean; tartean, berriz, trikitilariak, eta hara eta hona ikusmiran eta pintxoak janez zebiltzan ehunka herritar.
Bakailao lehiaketako parte hartzaileek ere izan zuten euren txokoa; zazpi elkarte bildu ziren guztira. Ez da erraza errezetaren sekretua ezagutzea, baina guztiek lapikoa etengabe astinduz prestatu zuten bakailaoa pil-pil erara.
Sagardoari eta gastronomiari tartea eskaini aurretik, goizean goiz kirolari egokitu zitzaion txanda, Pilar eguneko herri lasterketaren eskutik. 6,6 kilometroko ibilbidean, Javi Urbano irundarra eta auzoko Lorea Ayala izan ziren azkarrenak.
Ostiralean hasi zituzten jaiak Martutenen, hiru egun lehenago. Txupina bota eta haurrek eman zioten jaiei hasiera, entzierroa eginez, buruhandiek lagunduta. Sorginzulo plazatik atera, auzoan barrena bueltaxka bat eman eta ikastolako jolastokian bukatu zuten ibilbidea.
Usain ederra
Amara Berriko paella lehiaketa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Amara Berrin ere ez zeuden geldirik egoteko asmoz, asteburuan. Auzoko jaiak ospatu zituzten ostegunetik igandera, eta Olaeta plazako jai gunean etengabekoa izan zen festazaleen mugimendua. Paella txapelketak elkartu zituen lagun gehien larunbata goizean, usain ederra zabalduz auzoan barrena. Hainbat lagunek euren abileziak erakutsi zituzten, ahalik eta paella goxoena prestatzeko helburuarekin.
Aldi berean, guarrindongada txapelketa egin zuten haurrek, eta mojitoa edatera ere ausartu ziren.