Miramar jauregian egin zuten Modaren Klusterraren aurkezpena, asteazkenean. Hiriak "glamour berezia" duela eta "Donostia markak" erreferente izan behar duela nabarmendu zuten
Udal ordezkariek hiriko hainbat sortzailez inguratuta egin zuten klusterraren aurkezpena, asteazkenean, Miramar jauregian. (Argazkia: Sustapena)
Dagoeneko
abian da Modaren Klusterra. Ernesto Gasco Sustapen Ekonomikoko zinegotzia izan da proiektuaren sustatzaile nagusia. Bere esanetan, klusterraren helburua sektoreko enpresen lehiakortasuna sustatzea izango da. Horretarako lan ildoak finkatuko dituzte, eta Sustapen sailaren bitartez hainbat laguntza ere jasoko dituztela aurreratu du.
Gascok nabarmendu du ezinbestekoa dela “sektore osoaren elkarlana”. PSE-EEko ordezkariak azaldu duenez, 1.000 enpresa eta saltoki inguru daude moda arloan; horietatik
126 dira sortzaileak. Zuzenean 2.750 pertsonari ematen dio lana sektoreak, industria eta merkataritzaren artean; hiriko enpleguaren %2,63. Hala, ehungintzak 50 milioi euro sortzen ditu urtean.
Moda Klusterraren erronka nagusia hiriko sortzaile eta sorkuntza lan guztiak norabide berean bideratzea izango da. Hau da, sortzaileen lana ikusaraztea, alde batetik, eta bertako saltokietan bertako diseinatzaileen lanak erakutsi edo saltzeko erraztasunak ematea, bestetik. Sortzaile gehienak amateurrak direla adierazi du Donostia Sustapeneko kide Laura Chamorrok, eta sektorearen profesionalizazioan lan egin beharra daukatela.
Sortzaile onak izan arren, merkaturatzeko arazoak izaten dituztela adierazi du Chamorrok: “Sortzaile onak gara, baina sarritan ez dakigu kudeatzen”. Horregatik, moda klusterrak formakuntzan jarriko du arreta berezia, bai sortzaileen formakuntzan, baina baita enpresa edo kudeaketan ere.
Bideragarritasun planak eta aholkularitza eskainiko ditu klusterrak. Eta nazioartekotze eta marketing estrategiak ere garatuko dituzte.
Laguntza eskaini eta bultzada emateaz gain, moda arloaren jarraipena egingo du kluster berriak. Chamorrok azaldu duenez, saltoki nahiz sortzaileen jarraipena egingo dute, egoera nola dagoen aztertu, eta hazten laguntzeko baliabideak eskaini. 2016. urte hasieran newsletter bat ere jarriko dute abian, astero astero modari buruzko informazioa partekatzeko modaren inguruko enpresa sare guztiari.
Atzerrian ospea hartu duten sinadurei dagokienez, hirian bertan ere lekua izan dezaten neurriak hartuko dituztela azaldu du Chamorrok.
Besteengandik ikasi
Moda Klusterraren aurkezpenean hainbat sortzaile bildu ziren; Isabel Zapardiez ezkontza soinekoen diseinatzaile ezaguna, tartean.
Zapardiezen esanetan, “nire jantziengatik espresuki hirira etortzen da jendea, baina, bide batez, hiria ezagutzen dute; bertako txokoak eta gastronomia, hain justu. Moda hiria ezagutzera emateko bide bat izan daiteke, eta norabide horretan egin behar dugu lan”.
Minimil-ko diseinatzaile Kontxu Uzkudun ere izan zen aurkezpen agerraldian. Udalari “errespetuz laguntzea” eskatu dio sortzaile donostiarrak: “Oso proiektu interesgarria da; asko litzateke, helburuaren laurdena betez gero. Diseinatzaile hitza etereoa da, baina diseinatzaileok gogor lan egiten dugun langileak besterik ez gara”.
Era berean, atzerrira bidaiatu eta “ondo egiten dutenei ondo kopiatzeko” aholkatu du: “Ez dezagun ezer asmatu, ondo egiten duten horiengandik ikasi baizik”.