Zaborren tasa %5 igotzea onartu du udal gobernuak, oposizioaren kontrako botoekin. Zerga eta tasekin ia bi milioi euro jasotzea aurreikusi dute, igoera orokorra %1,02koa izatea erabaki ostean
Groseko auzokide bat zaborra botatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Datorren urterako
zerga ordenantza berria onartu zuten atzo, ezohiko udalbatzarrean. Aurretik, Ogasun batzordean aldaketa gehienak adostuak zituzten, baina beste hainbat aldaketa udal gobernuaren gehiengoz onartu zituzten; zabor eta saneamendu zerbitzuen gaineko tasak edo ibilgailuen gaineko zerga, esaterako.
KPIa negatiboa izan arren, donostiarren kontsumo ahalmena gainerako herrietakoa baina altuagoa dela adierazi zuen Finantzak eta Ogasuneko zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak, eta herritarren ahalegina eskatu zuen.
Zerga eta tasen igoera orokorra %1,02ko izango da, eta ia bi milioi euro jasotzea aurreikusi dute. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascoren arabera, ezinbesteko diru etorria izango da udal zerbitzuak mantendu eta hainbat proiektu egiteko.
Zaborren gaiak sortu zuen ika-mika handiena udalbatzako kideen artean. Udal gobernuak %5 igotzea onartu zuen
zaborren tasa; oposizioko alderdiek aurka bozkatu zuten. Dominguez-Macayaren hitzetan, zaborren bilketak eta kudeaketak kostu handiagoa du orain: “Lehen zabor guztia batera biltzen zen, orain gauzak hobeto egiten dira, baina gehiago ordaindu beharra dago; zaborren kudeaketa egokia guztioi kostatzen zaigu gehiago”.
Zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea ezinbestekoa dela esan zuen Bilduko zinegotzi Josu Ruizek ere, baina, zaborren kasuan, tasa jarduerei bakarrik igotzearen alde agertu zen, eta ez familiei. PP eta Irabazi Donostiaren arabera, zerbitzua defizitarioa izatea ez da nahikoa arrazoi igoera justifikatzeko. Irabazi Donostiako bozeramaile Amaia Martinen esanetan, “herritar guztiek, zaborra sailkatzen dutenek eta ez dutenek, gehien sortzen dutenek eta gutxien sortzen dutenek, denek berdin ordaintzea ez da bidezkoa”.
Albistur ere norabide berean mintzatu zen, eta urteak joan eta urteak etorri tasak igotzen jarraitzeak ez duela zentzurik esan zuen. Arazoa “errotik” konpondu behar dela gaineratu zuen, eta zaborren gaia aztertzeko batzorde ez-iraunkor bat sortzea proposatu zuen; ahobatez onartu zuten.
Alderdiek antzeko jarrera izan zuten saneamentu zerbitzuaren gaineko tasaren inguruan. Kasu honetan ere, udal gobernuak %5 igotzea onartu zuen; Irabazi Donostiak eta Bilduk aurka bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen.
Igoera gehiago
Ondasun Higiezinen Zergari dagokionez, %0,75a igotzea erabaki zuten, EAJ, PSE-EE eta Bilduren botoekin. PP eta Irabazi Donostiak aurka bozkatu zuten. Jarduera ekonomikoaren gaineko zerga %2 igoko dute; PPk bakarrik bozkatu zuen kontra.
Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, %1 igotzea onartu zuten udal gobernuaren gehiengo botoekin. Gune publikoak erabiltzeagatik ordaindu beharreko zergaren gainean ere eztabaida sortu zen, terrazen inguruan batik bat. Dena dela, udal gobernuak terrazei zerga %5 igotzea onartu zuen 1. eta 2. mailako kaleetan, eta gainerakoetan %3.