Talde ekologistak salatu du zaborren tasa hirukoiztu egin dutela azken hamar urteetan. Ez ohiko udalbatzarrean hartutako erabakiarekin, udal gobernuak birziklatzen duten herritarrak zigortu egin dituela nabarmendu du.
Donostiar bat, hondakin organikoen edukiontzia irekitzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eguzki talde ekologista oso haserre dago zaborren tasaren igoerarekin eta udal gobernuak erabakia hartzeko emandako argudioekin. Joan den astean adostu zuten igoera, zerga eta tasei buruzko ez ohiko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, zaborren tasa %5 igotzea onartu zuen udal gobernuak, oposizioaren kontrako botoekin.
Eguzkiren arabera, gehiegizkoa da bat-batean %5eko igoera ezartzea: «Urte luzez soldata izoztu dieten langileentzako beste kolpe bat da, eta soldatarik ez dutenentzako beste belarrondoko bat». Inguruetako herriekin alderatuta, Donostiarena zabor tasa garestiena dela azaldu du: «Azken hamar urteotan hirukoiztu egin dute zaborren tasa. 2009. urtean izan zen igoerarik handiena, eta ‘ezkutatzeko’ hiruhilabetero hasi ziren faktura pasatzen, hiritarrek ez nabaritzeko ezer».
Talde ekologistarentzat, «onartezina» da birziklatzen dutenek eta ez dutenek tasa bera ordaintzea: «Birtziklatzen dugunok berriz ere birziklatzen ez dutenak bezala ordainduko dugu tasa hau. Demokratikoa eta justua al da organikoa, beira, papera eta edukiontziak birziklatzen dutenak igoera honekin zigortzea? Euren hondakinen %90a birziklatzen dutenak zigortzea? Non utzi dute ‘kutsatzen duenak ordaintzen du’ printzipioa?».
Adibide gisa, elkarteak nabarmendu du hiru kidez osatutako familia batek, zaborra birziklatuz gero, ez dituela 40 kilo hondakin baino gehiago sortzen urtebetean: «Zergatik ordaindu behar du halako dirutza, ehun euro luze?».
«Zigor» horren atzean birziklatzeko interesa galaraztea dagoela salatu du, Eguzkiren iritziz, modu horretan hondakin gehiago sortzea dutelako xede. «Era horretan ahalik eta zabor gehien sortuko lukete euren helburu nagusia lortzeko: errauste planta», ondorioztatu du. «Hondakinen kudeatzaile berriei errauste planta besterik ez zaie interesatzen, Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralak (PIGRUG) hala esaten zuelako, baina, aldi berean, duela bederatzi urte PIGRUG-ek berak esaten zuen beste gauza bat ahaztu egin zaie: ‘tasa aldakorrak eta progresiboak adostuko dira hondakinen sortzea zigortzeko’. Norbaitek entzun die hondakinen kudeatzaile berriei, igoerarekin batera, tasa aldakor horiek ezarriko dituztela?», galdetu du.
Jarrera aldaketa
Eguzkik berretsi du ezinbestekoa dela birziklatzea derrigorrezkoa izatea, udalak aurreikusitako birziklatze kopuruetara iristeko –2016. urterako, %60 birziklatzeko helburua jarri zuten bere garaian–: «Urteak eman ditugu esaten, borondatezkoa bada eta fakturan konpentsaziorik ez badago, nekez lortuko dela birziklatze kopurua nabarmen igotzea, are eta gehiago kutsatzea eta hondakinak sortzea doan izanez gero», adierazi du.
Talde ekologistak erantsi du «bitxia» dela udal gobernua osatzen duten bi taldeen jarrera aldaketa, 2013. urtean %2,7ko igoera baztertu baitzuten zaborren tasari dagokionez. Orduan, Eguzkik zehaztutakoaren arabera, Bilduren alternatiba bakarra «donostiarren poltsikoa zigortzea» zela salatu zuten EAJk eta PSE-EEk: «Orain, udal gobernuan daudela, argudio horiek ahaztu dituzte», erantsi du.