Udazkeneko jaialdiak lortutako arrakastarekin pozik dago Uliako Auzo Elkartea

Herritarren laguntzari esker landaketarako lurra eta informazio gune bat egiteko materiala erosiko dute.
Uliako lore baratzak parkea Udazkeneko Jaialdian. (Argazkia: Ulia Auzo Elkartea)

Uliako lore baratzak parkea Udazkeneko Jaialdian. (Argazkia: Ulia Auzo Elkartea)

Igandean, eguraldi ona lagun, egun ederra pasa zuten Uliako mintegi zaharretan. Auzotarrak bultzatzen ari diren Uliako Lore Baratzak proiektua ezagutu zuten ehunka herritarrek. Udazkeneko jaialdia ospatu zuten bertan: zuzeneko musika, ur biltegi zaharretara bisita gidatuak, haurrentzako jolasak, landaketak…

Askorentzat parkea eta ingurua ezagutzeko aitzakia perfektua izan zen. Eta Uliako Auzo Elkarteak bere helburua bete zuen: “parkeak gordetzen dituen Donostiako antzineko ur-biltegiak eta parkearen balio historiko eta ekologikoa herritarrei erakustea”.

Herritarren ekarpenei esker, landaketak egiteko kamioikada bat lur erosi ahal izango dute, baita bulegoa zaharberritzeko materialak ere. Horrela, proiektuko kideen artean konponduko dute lehen bulego izandakoa, eta informazio gune bihurtuko dute. “Parkeko baratzerako eremuak gaur egun lurrez hutsik daude, eta bete egin behar dira baratze-lorategia martxan jartzeko. Egokitze-lanak ere egin behar dira, hau da, material isolatzailea jarri, egurrezko listoriak, lurrean kloro-kaucho eta, zabaia eta agerian gelditzen den pareta margotu behar dela”, azaldu du Eider Sanz Iturraldek

Ur-biltegiak ezagutzeko bisitak bete egin ziren, eta eskakizun handia dela eta, Uliako Auzo Elkarteak itxarote-zerrenda bat sortu du. Herritarrek izena eman dezakete, hurrengo bisita gidatuetan lehentasuna edukitzeko. “Igandean ikusi ahal izan genuen, donostiarrek ez dugula ur-biltegien berririk izan orain arte, eta honelako ekimenen ondorioz, bisita eskaerak pilatzen ari dira”, azaldu du Eider Sanz Iturraldek, Uliako Lore-Baratzak proiektuaren partaideetako batek.

“Jaialdiak sekulako arrakasta izan du donostiarren artean. Piknik handi bat antolatu dugu beheko zelaian, eta bazkalondoan The Cotton Tails-ek emandako jazz kontzertua ezin hobea izan da”, adierazi du Leire Rodriguez auzo elkarteko kideak. Bisitari eta kide guztiek, auzotarrek prestaturiko pastelak dastatu zituzten debalde, momentuan eginiko kafearekin. Ondoren, Haraino astialde taldearen eskutik, haurrak parkeko txokoak arakatzen ibili ziren, jolasean.

Txiki-Foxes natur klubak ehunka haur, gazte eta heldu bildu zituen. Anna Valentinak gidaturik, eta aurretik materiala birziklatuz eraikitako musika hormarekin, parkeko eremu guztia musikaz bete zuten. Janari-poto, puxika, lore eta adar txikiz egindako tanborrak joaz, haurrek poz-pozik eraman zituzten eskuz egindako instrumentuak etxera.

Arrakasta handia izan zuen beste jardueretako bat baratzeko landaketak izan zen. Izan ere, horma musikalarekin amaitu ondoren, haurrek babak, ilarrak eta letxuak landatu zituzten parkearen goikaldean. Zenbait landare bitxi ere jarri zituzten: mizuna gorri eta berdea, udaberriko aza, espinakak eta mihilua. Bergarako Udalatx mintegiak emandakoak izan dira landare hauek, elkartearekin egingo duten elkarlanaren aurrerapen gisa.

“Pena da egun hau egitasmoa ezagutzeko hain aproposa izanik, udaleko langile eta ordezkaririk guregana gerturatu ez izana”, aitortu du Leire Rodriguezek. “Ziur gaude hilabete hauetan egin dugun lana ezagutzera hurbilduko balira eurek ere gustoko izango luketeela eta beraz, gonbidapen honek irekia jarraitzen duela adierazi nahi diegu”, gaineratu du.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend