'KAzeta 28’ hilabetekaria argitaratu dute lehen urtemugaren etorrerarekin; «ikusezina den kultura ikusaraztea» dute helburu mugimenduko artistek
Koldo Mitxelenan egin dute fanzinearen aurkezpena. (Argazkia: Lide Ferreira)
KA kultura alternatiboa eta oinarrizko kultura sustatzeko plataformak agerraldia egin zuen asteartean, Koldo Mitxelena Kulturunean, bere sorreraren lehen urtemugan. KA zer den azaldu zuten bertan, eta KAzeta 28 fanzinearen aurkezpena egin ere bai. Argitalpen berria hilabetero publikatuko dute, hilabete bakoitzeko 28. egunean, eta KA-ren webgunean egongo da eskuragarri.
Plataforma Donostian duela urtebete inguru jaio bazen ere, ideia lehenagotik eztabaidatzen hasi ziren. Izan ere, 2012an antolatu zuten open space batean –elkarrizketa metodo kolektiboa– kultura alternatiboa eta oinarrizko kulturaren ideiak atera ziren.
Horiek oinarri hartuta, eta «erakundeek ezarri dizkiguten agenda kulturaletik kanpo», proiektua lantzen hasi eta KA sortu zuten. «Kultura Alternatiboa mugimendu sozial eta kultural bat da, eta denak batu nahi horretan, ikusezina den kultura ikusaraztea du helburu», azaldu du KA-ko kide Jokin Telleriak.
Partaidetza eta ikusgarritasunaren bitartez, kultura alternatiboa eta oinarrizko kultura sustatu nahi dituzte. Horretarako, hausnarketa, elkarrizketa eta jardunerako espazio bat sortu dute. Espazio hori irekia, horizontala, dinamikoa, iraunkorra, librea, kritikoa eta antolatua da. Bestalde, honako xede hauek ditu plataformak: gabeziak aurkitu eta konpontzea, baliabideak lortzea, elkartrukerako foro bizi eta iraunkor bat izatea, eta proposamenak eta jarduerak modu bateratuan sortzea.
Lan talde ezberdinak daude –komunikazioa, web diseinua eta edukiak, jaialdiak, ikus-entzunezkoak…–, baina topaketak dira, hain justu, lan talde horiek bateratzeko eta biltzeko modu bat. Talde bakoitzaren aurrerapenez hitz egiten dute, kide guztiek horien berri izateko. Topaketak irekiak dira, eta nahi duenak parte hartu dezake. Proiektua horizontala izanik, erabaki guztiak denon artean hartzen dituzte.
Urtebeteko garapenaren ostean, 200 artista, eragile eta bestelakoek osatzen dute KA. Horiek guztiek 600 jarduera egin dituzte aurten, eta datorren urtean kopuru hori bikoiztea espero dute. Hain zuzen ere, Donostia 2016k 20.160 euroko laguntza emango die, eta diru horrekin 100 jarduera antolatzea aurreikusi dute, bereziki «KA ezagutzera emateko eta jendearen parte hartzea sustatzeko».
Pauso bat gehiago
KA-ren ikusgarritasun hori areagotze aldera, Kazeta 28 izeneko fanzinea sortu dute. «Zuzeneko emanaldi eta hileroko topaketez gain, beste pauso bat eman nahi genuela konturatu ginen. Urte osoan zehar biltzen joan garen pertsona guztion ideia eta proiektuak oraindik gehiago ikusarazi nahi genituen», adierazi du Telleriak.
Edozein aldizkariren atzean dagoen lan talde batek dituen rolak banatu zituzten euren artean, eta zenbait asteren ostean kaleratu dute lehendabiziko zenbakia. Gainontzeko aldizkarietan erabiltzen diren testu motak sartu dituzte: elkarrizketak, erreportajeak, kronikak… baina dena ikuspuntu artistiko batetik jorratuko dute. Asmoa da plataformako partaideek egiten dituzten jarduera eta beraien kulturaren eta artearen inguruko iritziak islatzea.
Lehenengo alearen azala, esaterako, Iñaki Arizmendi margolariak egin du: lau biñetaz osatutako adierazpen bat margotu du, eta horietako biñeta bat hartu dute azala ilustratzeko. «Plataformak alderdi kritiko eta eraikitzaile bat dauka, eta, irudi honen bidez, Donostiak duen bizitza kulturala islatzen saiatu naiz. Hamabi arrautza egon beharko luketen ontzian, lau bakarrik marraztu ditut, hiriko agenda kulturala osatu gabe dagoela iruditzen zaigulako. Beteta egon daiteke, eta Kultura Alternatiboa hori egiten lagundu dezake», azaldu du Arizmendik.
Donostia, eremu naturala
Proiektua hirian jaio zenez, euren eremu naturala Donostia bera dela diote, eta hala islatzen da plataforma osatzen duten kideen artean, horietako asko donostiarrak baitira: Makoki argazkilaria, Liher abeslaria, Urko Menaia musikaria, Urban 13 kolektiboa, Banda Bat elkartea, Altxerri galeria, Doka, Mikel Karton…
Liher bakarlaria antolatu zuten bigarren topaketara hurbildu zen lehenengoz. «Ni hasiberria nintzen, eta une horretan galduta sentitzen zara. Ez dakizu nora jo, kontzertuak nola bilatu… Olatz Salvador bakarlariak esan zidan bera ere hala ibili zela eta KA-ren berri eman zidan».
Oinarrizko kulturan dabiltzan artistak biltzeko eta ideiak euren artean partekatzeko plataforma bat dela esan zion, eta parte hartzeko erabakia hartu zuen. Hasieratik giro ona zegoela ikusi zuen, eta ordutik bertan dabil.
Hilabetero egiten dituzten topaketetan izaten da, eta Komunikazioaren lan taldearen parte da. «Facebook eta Twitter kontuak kudeatzen ditugu, KA-ren ideia sare sozialetan zabaltzeko. Jende askok KA ikusten du, baina ez daki zer den, eta gu hori azaltzen saiatzen gara, geroz eta artista gehiago erakartzeko asmoz. Fanzinearen ideia ere gure lan taldetik sortu zen», azaldu du bakarlariak.
Esperientzia aberasgarria izaten ari dela dio, egin dituen jarduera asko diziplina anitzekoak direlako: «Adibidez, abestu dudan eszenatoki batean koadro batzuk izan ditut atzean, edo nirekin batera bakarrizketa bat egin dute». Artearen alorrean dabilen jendea ezagutzeko ere balio izan diola adierazi du, «beraien ideiak edota arazoak ezagutzeko».
Kultura Alternatiboa plataformaren kide izanez, hainbat jardueratan parte hartzea lortu du, eta hori bere ibilbide artistikorako ona izan dela dio. «Beste artistek eman dizkidaten gomendioei esker, eta plataformak berak eman didan konfiantzagatik babestua sentitu naiz», nabarmendu du Liherrek. Bere ustez, kultura munduan bakarrik zerbait lortzea zaila da; horregatik, jendea KA-ren parte izateko deia egin du: «Zure lorpenak eta arazoak taldean partekatzea politagoa da».