Amarari zegokion bilera asteartean egin zuten, Ernest Lluch kultur etxean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Metroaren aurkako mugimenduak auzoz auzo egingo ditu bilerak, egitasmoaren nondik norakoak herritarrei bertatik bertara azaltzeko. Bilerez gain, beste jarduera batzuk aurreikusi dituzte, orain arte egindako lanari jarraipena emateko.
Proiektuaren alegazio epea zela eta, agerraldi bat egin zuten Easo plazan, Euskotreneko geltokiaren aurrean; geroago, hitzaldi bat eman zuen Ander Gortazar adituak, garraio alternatibei buruz; eta, auzoz auzo egingo dituzten bilerak iragarri aurretik, lehen hartu eman bat izan zuten herritarrekin, zenbait bileren bitartez.
Informazio eta sentsibilizazio lana indartuko dute orain, ondorengo asteetan. Pauso bat gehiago emango dute proiektuaren berri emateko eta jendartearen babesa lortzeko.
Auzoz auzo aurreikusitako hamaika bileraz gain, protestak ere egingo dituzte, esaterako. Momentuz, abenduaren 1ean, agerraldi jendetsu bat egitea aurreikusita dute komunikabideen aurrean. Ordurako, eskuorriak banatuak izango dituzte hiriko postontzietan. Agerraldi horretan data garrantzitsu baten berri emango dute: abenduaren 12a. Egun horretan, 12:00etan, Metroaren aurkako lehen mobilizazioa egingo dute. Artzain Oneko plazatik abiatuta, protesta aldunditik igaroko da, udalaren aurrean amaitzeko. Beharrezkoa ez delako, Metroari ez! izango da manifestazioaren leloa.
«Hutsune deigarriak»
Amarako Ernest Lluch kultur etxean egin zuten auzoz auzoko lehen bilera, asteartean. Hainbat herritar hurbildu ziren, eta azpiegituraren aurka egituratutako herri ekimeneko kideen azalpenak arreta handiz jarraitu zituzten.
Mugimenduko kideen esanetan, «Metroak ez lituzke proiektuak berak aurreikusitako helburuak beteko». Adibide batzuk jarri zituzten: «Helburuetako bat garraio publikoen artean bidaiariak partekatzea da, baina Metroak ez luke hori sustatuko, garraio publikoen arteko lehia baizik».
Donostiabusek egindako azterketa ekarri zuten gogora. Bertan, Metroa eraikiz gero, autobus konpainiak sei milioi bidaiari galduko lituzkeela ohartarazi zuten.
Bestalde, azpiegitura eraikitzeak gutxienez 173 milioi euro balioko lituzkeela nabarmendu zuten, «60.000 euro metro bakoitzeko, 4 kilometroko ibilbidea izango duela kontutan hartuta». Gainera, esan zuten ez dutela errentagarritasun sozial eta ekonomikoa aurreikusten duen azterketarik osatu eta bidaiari kopuruen aurreikuspenik ere ez dutela aurkeztu: «Hutsune deigarriak dira».
Era berean, lur azpiko obra bat izanik, eragina handia izango litzatekeela adierazi zuten: «Proiektuan obren eragina jasoko duten etxebizitzak zerrendatu dituzte; 311 etxebizitza, hain zuzen ere».