Antiguako gaztetxeak Kortxoenea «ilegalki eta indarrez» eraitsi dutela salatu du, «udalaren konplizitatearekin». Hori dela eta, momentuz, ez du Villa Alegriaren lagapena sinatuko.
Kortxoenea indarrez hustu ondoren, eraisten hasi ziren asteartean. (Argazkia: Lide Ferreira)
«Astearte goizean, udalaren konplizitatearekin, Kortxoenea ilegalki eta indarrez eraitsi dutela ikusita, ezinbestean aldatu da gure jarrera. Ez dakigu udalaren erantzuna zein izango den, baina gu prest gaude Donostiako zein gainontzeko eragileekin gune autogestionatuen defentsari batera heltzeko». Antiguako Txantxarreka gaztetxeko kideen hitzak dira hauek, Kortxoenea eraisteko lanei
argi berdea eman eta gero egindakoak. Hain zuzen ere, Txantxarrekako lagunek gune autogestionatu guztien aurkako erasotzat jo dute Kortxoenearekin gertatutakoa, eta, iragarri dutenez, oraingoz ez dute sinatuko Villa Alegriaren lagapena.
Azken hilabeteetan, Antiguako gaztetxekoak harremanetan izan dira Villa Alegriaren lagapena beste urtebetez luzatzeko. Asanbladaren arabera, lagapenaren baldintzak gogortu ditu udal gobernuak, «negoziatu edo hitz egiteko aukerarik utzi gabe».
Hala ere, Txantxarrekako proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, eta hala adierazi zioten astelehenean udalari. Groseko gaztetxean gertatutakoarekin, ordea, jarrera aldatu dutela jakinarazi dute. Txantxarrekakoen hitzetan, «Donostiako gune autogestionatu guztiak, eraikinen jabetza edozein dela ere, borroka beraren parte gara. Kortxoenean gertatutakoa guztion kontrako erasoa da. Hamar eguneko epea jarri badigute ere, ez diegu presioei men egingo». Udalari eskatu diote «Kortxoeneara begira azpimarratzen duen borondate on hori» frogatzeko. Bitartean, Txantxarrekari bizitza emango diotela eta hamaika kolektiboren babesleku izaten jarraituko duela plazaratu dute.
Bihar, manifestazioa
Kortxoenea eraisten ari dira. Astearte goizean hustu zuten eraikina eta Ertzaintza oldartu zitzaien kanpoaldean protesta egin zutenei, baina Groseko gaztetxearen aldekoek garbi utzi dute egitasmoak bizirik jarraituko duela: «Jai dute halako proiektu bat lau horma birrinduz geldituko dutela uste badute».
Mobilizazioak egon dira eta egongo dira. Astearte arratsaldeko manifestazioaren ostean, bihar berriro irtengo dira kalera. Hain zuzen ere, manifestaziora deitu dute, 17:00etarako, Bulebarretik irtenda.
Kortxoeneako kideek Ertzaintzak erabilitako bortizkeria salatu dute, eta, asteazkenean egindako agerraldian, zauritutako gazte baten irudia erakutsi zuten, buruan kolpea jaso eta gero ateratakoa. Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen protestetan.
Salaketak salaketa, alternatibak ere planteatu dituzte gazteek. Ekainean hutsik geratutako Zemoria kaleko eraikina erabiltzeko proposamena jarri dute berriro mahai gainean. Hain justu, udalari parte hartze prozesu bat proposatu diote eraikina kudeatu ahal izateko, «eraikin hau auzoari zabaltzeko aukera ezin hobea dela uste dugulako. Proiektu horrekin aurrera jarraitzeko prest gaudela berretsi nahi dugu».
Udal taldeei dagokienez, Bilduko hainbat ordezkarik bertatik bertara jarraitu zuten Kortxoenearen
hustea, eta lehen unetik salatu dute gertaeren «larritasuna». Axier Jakaren esanetan, hustea
«ilegala eta irregularra» izan da, ez omen zegoelako epaile baten agindurik: «Eraikinaren jabeak
eta eraikuntza enpresak hasieratik erakutsi dute euren asmoa, eta horretan udalak laguntzea oso larria da; udalak bazekien noiz eta nola hustuko zuten gaztetxea».
Jakaren arabera, Ertzaintzak ez zuen kaleratzean parte hartu, gaztetxe barnealdeko gazteak atera eta ordubetera agertu baitzen. Gazteek salatu dutenez, hortaz arduratu zirenek aurpegia estalita zuten, eta burdinezko barrak erabili zituzten. «Oraindik ez dakigu pertsona horiek zein diren», salatu du Jakak. Hau guztiagatik, udalaren ardura eskatzeko presazko agerraldi bat eskatu du Bilduk. Alkatearen, gaztetxean izandako bi udal teknikarien eta Udaltzaingo-buruen agerraldia
eskatu du, espresuki.