Xabier Lopetegi: 'Horiak'
Xabier Lopetegi, Kazetaria
Aitzakia penagarri samarra zen, egia esan. Aurkariek Realari ez ziotela jokatzen uzten Anoetan, alegia. Zeken aritzen zirela. Defenditzera etortzen zirela, baloia lagatzen ziotela, eta ez zutela zirrikiturik uzten Realak bere bertuteak aprobetxa zitzan. Kontraerasoren bati etekina atera, eta denbora galtzen ibiltzen zirela gero.
Alfonbra gorria merezi bagenu bezala edo. Madrilgo Atleticok Anoetan lortutako garaipena, horren erakusle. Antifutbola dela diote askok. Baina oker dabiltza. Aspergarria eta itsusia izan daiteke, baina futbola da, gutxiago edo gehiago gustatu.
Ez gaitezen engainatu. Realaren arazoa besteen joko ereduan bilatzea, oso irakurketa murritza eta heldugabea da.
alantzarik balego, Celtak hankaz gora jarri zuen tesia. Lotsagabe etorri zen Anoetara. Partida irekia eta bizia proposatu zuen, erritmo handikoa, joan-etorrikoa. Baloi jabetza aldarrikatu, eta lortu egin zuen. Kolpeak elkar trukatzeko beldurrik ez zuen izan. Eta Reala izan zen konortea galdu zuena. Hauspoak, eta Zurutuzak iraun zioten bitartean, ondo eutsi zion borrokari, lehen zatian batez ere. Baloiaren atzetik aritzeaz nekatu zenean, ordea, akabo.
Aspasek bereganatu zituen prentsa lerro-buru gehienak, baina zur eta lur utzi ninduena Wass danimarkarra izan zen. Zaleek Krohn-Dehli herrikidea ahaztea lortzen ari da. Erdilari ile-horien arteko lehian, gaina hartu zion Illarramendiri. Sekulako maisutasuna eta tenplea erakutsi zituen. Gertutik jarraitu beharreko jokalaria, zalantzarik gabe.
Horia du ere elastikoa Realaren asteburuko aurkaria. Ez, ez naiz Vila-real mediatikoaz ari, irakurle. Las Palmas izan zen aurrenekoa, Espainiako Ligan zorte txarra omen dakarren kolore hori erabiltzen. Futbol alai, jostari eta teknikoaren enbaxadore izan da betidanik. Valeron handia du ikur. Uharteetako eguzkiarekin ez, Atotxako lokatzarekin identifikatu izan da Reala, baina, hala eta guztiz ere, bada antzekotasunik bi kluben artean: biak dira Lehen Mailako historikoak, biek egiten dute apustu harrobiaren alde, eta biek izan dute atletismo pista buruhauste, esaterako –Las Palmasek hasi ditu jada horiek kentzeko obrak–.
Realak Mendizorrotzan nola, kanariarrek ere eduki zuten bere Waterloo partikularra Lehen Mailara itzuli aurretik, orain urtebete, zaleek zelaia inbaditu eta luzapenean igoera galdu zutenean. Orduko istilu eta amesgaiztoak atzean utzita, goi mailan dabiltza egun. Golak sartzeko komeriak ari dira izaten –Agirretxek Las Palmas osoak baino bi gehiago daramatza–, baina defentsan ez dituzte erraztasunik ematen. Abisatuta dago Reala. Beste porrot batek, horitik beltzera eramango luke egoera.