Beste Hitzak izeneko programaren bidez, datozen lau urteetan hainbat bidaia egingo dituzte hizkuntza gutxituetan idazten duten lagunek, literatur sorkuntzak egiteko.
Konstituzio plazako Donostia Kulturaren eraikinean eman dute prentsaurrekoa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hizkuntza gutxituei garrantzia emateko eta ezagutarazteko helburuarekin,
Beste Hitzak programa sortu dute Europako bost herrialdetako eragileek:
Donostia Kultura eta Donostia 2016 (Euskal Herria), Foras na Gaeilge (Irlanda), X-OP eXchange of art Operators and Producers (Eslovenia), Youth Forum na Mladi (Mazedonia), eta Leeuwarde/Ljouwert 2018 (Frisia). Herrialde horietan bertako hizkuntza gutxituetan idazten duten hainbat idazle hautatuko dituzte, eta idazle horiek egingo dituzten literatur sorkuntzako egonaldiak izango dira programaren oinarria. Hala, Donostia Kulturak eta Donostia 2016 bulegoak egindako elkarlanari esker, zortzi euskal idazlek egonaldi bana egiteko aukera izango dute gainontzeko herrialde horietako batean,
2016 eta 2019 urteen artean. Egonaldi horietan, proiektu bana garatuko dute sortzaileek, bertako komunitatearekin harremanetan jarriz. Urte bakoitzean egonaldi bana egingo dute hautatutako herrialde bakoitzeko bi idazlek, eta
lehen egonaldirako proposamenak bidaltzeko epea zabaldu dute gaurtik abenduaren 14a arte. Lehen egonaldi horretan euskal sortzaile batek Esloveniara joateko aukera izango du, 2016ko martxoa eta maiatza artean, zortzi astez. Ondoren, 2016ko bigarren seihilerako bigarren deialdi bat egingo dute, Irlandako egonaldirako. Aldi berean, Donostiak gainontzeko herrialdeetako idazleak jasoko ditu lau urte horietan. Izan ere, azken batean, Europako zenbait hizkuntza komunitate txiki edo gutxituen arteko literatur trukerako sarea da Beste Hitzak.
Programan edozein idazle izan daiteke aukeratua, beraz, orain literatur proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute. Euskaraz idatzitako literatur proiektuak aukeztu beharko dira hautagaien zerrenda sartzeko, hau da, zortzi aste horietan egin nahi den lanaren zirriborro bat. Sortu nahi diren lanak era askotakoak izan daitezke: fikzioa, poesia, ez-fikzio sortzailea, nobela grafikoa, literatur kritika, literatur biografia/autobiografia garaikidea, gidoigintza edo antzerkigintza.
Hautagaiek honakoa aurkeztu beharko dute:
- Sorkuntzako proiektua azaltzen duen txostena (gehienez bost orri)
- Curriculuma
- Izen emate orria
- Nortasun Agiriaren fotokopia
- Zerta betebeharretan egunean egotearen egiaztagirra
Deialdiaren baitan, lan horren unitate bat osatu beharko du hautatutako pertsonak. Hautatutako pertsonari, honakoa eskainiko zaio:
- Bidaia eta ostatu gastuak
- Dietak
- 2.500 euroko diru-ordaina (bi hilabetegatik)
- Testuaren argitalpena programaren webgunean (bost hizkuntzetara itzulita)
- Paperezko argitalpena (bost hizkuntzetara itzulia)
- Nazioarteko proiekzioa.
Hala, proposamenak bidaltzeko bi bide eman dituzte:
donostiakultura@donostiakultura.eus posta elektronikora idatziz, edo posta arruntaz (BESTE HITZAK-OTHER WORDS proiektua. Donostia Kultura. Konstituzio plaza 1, 20.003 Donostia).
Programa garatzeko ia 700.000 euroko inbertsioa izango dute eragileek. Beraz, “erronka eta ardura handia da”, Imanol Galdos Donostia Kulturako teknikariaren esanetan.