Alkoholismoa gaixotasun kroniko gisa ikusarazteko jardunaldi bat egingo dute
Londres hotelean egingo dituzte eztabaida saioak, ostiralean.
AERGI elkarteak. Josean Fernandez eta Yolanda Anguera elkarteko kideek eskaini dute agerraldia, eta lotsarik gabe adierazi dute alkoholaren menpeko direla. Dagoeneko ez dute edaten, baina alkoholismoa gaixotasun kronikoa dela aldarrikatu dute.
Gizarteak ikusi nahi ez duen gaixotasun gisa definitu du Fernandezek alkoholismoa, eta ostiraleko jardunaldien garrantzia azpimarratu du: “Ikusezinak gara jendartearen aurrean, baina arazoa larria da, eta alkoholismoari aurpegia eman behar zaio”.
Aurreiritzi eta uste oker guztien gainetik, alkoholarekiko menpekotasuna duten pertsonak maila ertain edo altuko gizon eta emakumeak izan ohi dira, lanpostu on bat dutenak, eta itxura ona dutenak. Dena dela, “jendarteak ez ditu alkoholikoak gaixo gisa tratatzen, gizagaldu baten gisara baizik”, esan du Fernandezek.
Gainera, “edateari uztea errazena” dela aitortu du Anguerak, eta gaixotasun horri aurre egiteko dauden zailtasunak salatu ditu. Bost urte daramatza berak menpekotasunaren aurkako terapian, baina “bizitza osorako gaixo bat” izango dela onartu du.
Jendarteak onartu ez arren arazoa larria dela nabarmendu dute. Auto istripuek baino heriotza gehiago eragiten ditu alkoholismoak, eta tabakoa eta hipertentsioaren ondotik, gaixotasunik hilkorrena da. Espainian 24.000 eta 25.000 pertsona hiltzen dira urtean. AERGI 2012an sortu zuten, eta ordutik, 400 gaixo eta senitarteko artatu dituzte.
Itotzen bazara, ur edalontzi batean izan dadila lelopean egingo dute jardunaldia ostiralean, azaroak 13, Londres hotelean, 19:00etan. Menpekotasuna: konplizitatea edo zailtasun soziala gaiaren inguruan bideratuko dituzte solasaldiak, parte hartzaileen arteko eztabaida eragiteko helburuarekin.
Alkoholismoa eta menpekotasunari buruzko IV jardunaldia aurkeztu du gaur