Xabier Vazquez: 'Asmatu'
Futbologia, Xabier Vazquez
Beste behin ere Realak egin, egin dit. Poza eman, eta arazoa. Poza, noski, ez da futbolistikoa izan. Poza, erlatiboa, Celtaren aurkako partidan eman zidan. Eguerdiko vermuta artean, Realak 2-3 galdu izanak eman zidan. Eta hortxe hurbildu nintzen apustu makinara nire aurreikuspenean 5 euro jokatzera. Hala, Celtak hirugarrena sartzean, irakurle gajo horri inbidiarik eman ez diezazudan esango ez dudan diru kopuru poltsikoratu nuen.
Askotan aipatu dut zergatik egin behar den apustu Realaren aurka. Batetik, seguru modukoa da. Nik ez dut nahi etxeak su har dezan, baina badaezpada hor dut Lagun Aro, txarrenean dirutxo bat berreskuratzeko. Realarekin berdin, behintzat penak kitatzeko laguntza bat. Gainera, ezin zaio inoiz Realari bi arlotan min egin diezazun utzi. Bihotzean ala patrikan, baina bietan egiteko aukera emanda, beti aprobetxatuko du.
Horregatik, emaitza aldetik gutxi espero nuenez, behintzat diruarekin hornonbait nengoen. Baina hara non berriz ere Realak izorratu egin nauen. Ez du bada entrenatzailea bota nik astebukaeran prestaturiko Futbologia hankaz gora uzteko! Hor aritu nintzen Moyes botako ote zuten; baina, noski, zuk hau irakurtzen duzunerako badakizu bota dutela, eta Irutxuloko Hitzako irakurleok onena merezi duzue –horregatik ez dut ulertzen zergatik naukaten plantillan–; beraz, Futbologia berria egin behar izan dut.
Las Palmaseko partida ez nuen ikusi. Beste beldurrezko pelikula batean nengoen, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearena. Ez dut ulertzen zergatik kontraprogramatzen duten Realaren partidekin, azken hauetan fantasia eskasa baina beldurra eta gorea kalitatezkoak baitira. Idatzi denok @donostiakultura kontura, ea kudeatzaileak, realzale ona bera, lortzen duen Beldurrezko Asteak filmarik ez botatzea Reala dagoen bitartean.
Nik konfiantza handia nuen Moyesengan, eta nahiko zimeldu dit berarenganako ustea; hala ere, talde honen arazo bakarra ez da bera. Baina ez da beste aukerarik egoten horrelakoetan.Taldearen maila beste une batzuetan baino halamoduzkoagoa iruditu zait, okerrago ikusi izan dut, baina ondo jokatuta irabazi ez, gaizki jolastuta galdu… gaizki.
Bitxiena da jende batek, Moyesen iritsiera begi onez ikusi ondoren, orain inoiz hori esan ez balu egingo duela. Hori da klub honetan falta dena, memoria eta autokritika pixka bat. Presidenteak egin zuen, ez dut uste modu egokienean egin zuenik, baina arrazoizko gauza batzuk bai esan zituen.
Hanka sartzen dugunean onartuta ikasten da aurrera egiten, eta Moyesengan itxaropena zuen honek garbi dio askoz gehiago espero nuela. Ez dut konfiantza handiegirik berriarengan, baina dirua tarteko ez denez… asmatzen ez badut hobe!