Mintzalaguna egitasmoaren aurkezpena, Zuloaga plazan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bagera elkarteko kideak pozik daude Mintzalaguna egitasmoak izan duen harrerarekin. Aurreikuspenak betez,
ikasle kopurua ia bikoiztea lortu dute, 240 ikasletara helduz.
2014-2015 ikasturtean, 132 ikasle izan zituzten, eta haiei laguntzeko 74 euskaldun; guztira 206 mintzalagun.
2015-2016 ikasturtean, 240 ikasle lortu dituzte, eta 86 euskaldun; guztira 326 mintzalagun. Ez dirudi aldea handia denik, baina kontuan izan lehen datuak ikasturte osokoak direla, hau da, azarotik ekainera artekoak. Ikasturte honetan, ordea, dagoeneko gainditu da parte hartzea, azaroko datuekin soilik. Urtarrilean berriro zabalduko dute izena emateko epea.
Laguntzaileak falta dira
Mintzalaguna egitasmoaren dinamika erraza da. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak, hitz egiteko ohitura eta aukerarik ez dutenekin elkartzen dira, astean behin gutxienez, norbere ordutegira egokituz. Azken batean,
mintzapraktikarako aukera bat eskaintzen dute, hiru edo lau laguneko talde txikiak osatuz.
Esan bezala, euskara ikasi edo hobetu nahi duten ikasleen interesa handia da, baina eskaera horri egoki erantzuteko
laguntzaile gehiago behar dituzte. Izan ere, laguntzaileen parte hartzeak gora egin badu ere, ez dira nahikoak ikasle guztiei mintza talde bat eskaintzeko, eta 12 bat ikasle talderik gabe geratu dira.
Gehien dakitenek gutxiago dakitenei erakusteko laguntzaile izan nahi duenak Bagera elkartera jo behar du:
Bagera.eus webgunearen bitartez, edo 943 005 074 telefono zenbakira deituz.