Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasa nahi dute
Euskal Herrian Euskaraz-ek euskaltzaleen esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabaltzeko dei egin du, #EgotetikEgitera traola erabiliz.
Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) agerraldia egin du gaur Donostiako Bulebarreko kioskoan. Bertan, euskaltzale ugari bildu dira, herritar guztiei mezu argi bat helarazteko: “Euskaraz bizi bidean, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasa behar dugu, esatetik egitera”. Euskaraz bizi nahi dutenen komunitatea batu eta indartzea dute helburu. Hala, abenduaren 3rako, Euskararen Egunerako, deia zabaldu dute. Izan ere, egun horretan euskaltzaleen esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabal ditzaten eskatu diete; horretarako, #EgotetikEgitera traola erabili beharko dute animatzen direnek.
“Denbora luzea daramagu euskaldunok bigarren mailako herritarrak garela esaten. Bada egoera horrekin bukatzeko gara, aurrera begiratzekoa. Euskaraz bizi nahi badugu, euskaldun eta burujabe jokatu behar dugu, herritar bakoitzak dugulako aldaketak eragiteko ahalmena“, adierazi dute EHE-ko kideek.
Hala ere, Euskararen Egunekoa ez dute ekimen isolatu moduan kokatu nahi, “euskara, euskalgintzak eta oro har Euskal Herriak bizi duen berregituratzeko prozesuan baizik”. Aldaketarako gakoa herritarren ahalduntzean dagoela sinesten dute, euskararen alde egotetik, euskararen alde egitean.