Lehiaketa bat ireki dute taldearen irudia lortzeko, eta proposamenak bidaltzeko azken eguna azaroaren 20a izango da.
Aieteko Euskara Batzordeko Manex Mujikak eraman zuen lekukoa Korrikan, Bageraren izenean. (Argazkia: Bagera)
Aieteko Euskara Batzordea logotipo bila ari da. Proposamenak jasotzeko lehiaketa bat jarri du abian, eta lanak aurkezteko epea azaroaren 20an itxiko dute. Edonork parte har dezake lehiaketan, eta partaide bakoitzak nahi adina lan bidal ditzake. Hori bai, argi utzi dute logotipoak batzordearen izaera islatu behar duela; azken batean, auzoaren eta euskararen normalkuntzarako irudia izatea nahi dute. Logotipoak formatu etzana izan behar du, eta edozein teknika erabil daiteke irudia egiteko. Lanak posta elektronikoz bidali behar dira,
aieteneuskaraz@gmail.com helbidera, egilearen datuak eta kontakturako telefonoa adieraziz.
Irrisarri Land parkerako bi sarrera irabaziko ditu garaileak; eta Euskararen Eguneko bazkarirako lau lagunentzako gonbidapena. Sari-ematea azaroaren 28an egingo dute, Euskararen Egunaren harira egingo duten bazkarian.
Lehiaketaren
oinarri guztiak Aieteko Euskara Batzordearen webgunean irakur daitezke.
Partaideek nondik jo dezaketen ikusteko, Claudio Artesanoren
Gure Aiete liburutik jasotako informazio pixka bat jarri dute eskuragarri:
“Aiete auzoaren lehen aztarnak XII. mendean Donostia inguruan lekutu zituzten, gaskoietan. Aiete izena bera ere gaskonia eta Amarako gainean zegoen Aiet izeneko baserriaren ondorioa da. Hurrengo mendeetan, Aiete zeharkatzen zuen Goiko Galtzara garrantzitsua izan zen oso; Donostia eta Madril eta Baiona lotzen zituen Errege Bidea elkartzen baitzituen.
XIX. mendean guda askoren testigu izan zen auzoa, eta sezesio-guda eta karlistadetan gotorlekuz bete zen.
Joan den menderako, berriz, auzo baserritar eta euskalduna bilakatu zen Aiete, baserri eta sagardotegi ugariz jantzia. Giro horretan sortu ziren bertsolari on ugari, eta baita kirolari ezagunak ere, bolari eta tokalari finak, zein Espainiako txapeldun orde izan zen eskubaloi taldea ere.
1960ko hamarkadan hasi zen auzoa gaur egungoa izaten; Bera Bera, Etxadi, Miramon… ordukoak dira”.