Joserra Senperena zuzenean arituko da, Viktoria Eugenian
'9 ganbera pieza' diskoko abestiak eskainiko ditu Loiolako pianistak, antzokiko Klub aretoan
Bere disko berriko abestiak eskainiko ditu ostiralean Joserra Senperenak (Loiola, 1965). Viktoria Eugeniako Klub aretoan izango da kontzertua, 20:00etan, eta publikoa iristean baino sentipen hobearekin irtengo dela dio Elkar disketxeko Anjel Valdesek: “Gizartea mugitu eta itxaropena emateko gaitasuna du”. Azken batean, Valdesen hitzetan, hainbat musika estilo bereganatzen ditu Senperenak: “Harrigarria da nola bere talentua hain leku eta modu desberdinetan erakusten duen. Rafa Berrio zein Bide Ertzean taldearekin aritu da, eta azkenean guztiek komunean dutena musikaren lengoaia da”.
“Disko hau bihotzetik egin nahi nuen”, aipatu zuen musikariak diskoa aurkeztu zuenean. Kontzertuaren aurkezpenean ere, askatasun hori berretsi du Senperenak: “Abestiak estilo libre batean idatzi nituen. Egitura, armonia eta erritmoa libreak dira”. Hala, estiloen artean ez duela hesirik ikusi dio, eta aurreiritzirik gabeko lengoaia erabiltzen saiatu dela: “Melodia izango da protagonista uneoro”. Edonola, pop eta euskal folk ukituak nabarituko direla azaldu du Senperenak.
Diskoaren izenburuak dioen moduan, bederatzi ganbera abestik osatzen dute lana, eta abesti horietaz gain, aurreko diskoko bost abesti ere eskainiko dituzte. Akordeoiaren ordez, ordea, txeloa erabiliko dute. Guztira, ordubete iraungo du kontzertuak. Honako musikariekin osatu zuen diskoa: Xabier Gil (biolina), Elena Escalza (txeloa), Jose Miguel Chirivella (klarinetea), Salvador Tudela (tronpa), Francesca R. di Nicola (harpa) eta Karlos Aranzegi (perkusioa); eta horiek izango ditu lagun kontzertuan.
Sarrerak salgai daude, 10 eurotan.
Koldo Almadozek Senperenaren musika aukeratu du
Senperenak aurreratu duenez, Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak 9 ganbera pieza diskoko abestiak aukeratu ditu bere film berrirako: Sipo Phantasma. Gainera, pianista berari enkargatu dio Kalebegiak proiekturako osatu duen Narciso film laburrerako musika ere.
Erlazionatutako edukiaPaper gainean idatzi ditu zuzenean Joserra Senperenak disko berriko abestiak