'Beltzean mintzo, Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz' dokumentala emango dute gaur
Zer ari da gertatzen Ameriketako hizkuntza handiekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako kideek? Lagun dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskurapen prozesuan? Bagera Euskatzaleen Elkarteak galdera hauen inguruko gogoeta proposatu du: Beltzean mintzo, Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz dokumentalaren emanaldia eta honen inguruko solasaldia egingo du gaur 19:00etan, Donostiako Liburutegi Nagusian (San Jeronimo Kalean).
Lehen aldiz 7 hizkuntza komunitateko 14 pertsonen euskararen herriari buruzko gogoetak batzen ditu. Kitxua, nasa yuwe, nahuatl, kaqchiquel maia, yucatango maia, aimara eta mapuzungun hiztunek, beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararen esperientziatik ikas dezaketenaz hitz egingo dute dokumentaleam eta, bide batez, guk haiengandik ere ikasteko aukera eskaini.