Uxue Arzelus: 'Hasiberria'
Zaila egiten zaigu gauza berriak probatzea. Eroso sentitzen gara gure errutina txikian eta beldurra ematen digu haratago zerbait ote dagoen ikertzeak. “Erosotasun esparru” deitzen diote. Izenak berak dio: eroso sentitzen garen esparrua. Geure buruari jartzen diogun muga bat da, ezaguna eta segurua sentitzen dugun guzti hori barneratzen duen muga. Gauza txikiak izan daitezke: egunero lanerako bide berbera egitea, janari mota jakin bat kontsumitzea, musika estilo konkretu bat entzutea. Baina gehiago afektatzen gaituzten arloak ere badaude: zoriontsu egiten ez zaituen lanbide bat izatea, maite ez duzun bikotearekin bizitzea. Erosotasun esparru hori desatsegina ere izan baitaiteke. Desatsegina baina ezaguna.
Erosotasun esparru horretatik irten behar garela diote. Irten edo zabaldu. Izan ere, hasiera batean arrotza edo ezezaguna den hori ere gure errutina bilakatu daiteke, eroso sentitu arte, esparrua handituz. Erraz esaten da, baina kontran ditugun faktore asko daude: aurreiritziak, esango dutenari beldurra, barregarri geratzeari beldurra, guregandik espero dena ez betetzeari beldurra. Beldur horiek gainditu eta guretzat berria edo ezezaguna den horri aurre egitea da lehenengo pausua.
Eta hementxe nago ni. Beldur horiek alde batera utzi nahian. Paper txuriari diodan ikara gainditu eta lotsaraziko ez nauen fundamentuzko zer edo zer idazteko esperantzarekin. Pausoz-pauso, poliki-poliki, nire erosotasun esparrua zabaldu nahian. Ezezaguna eta berria (eta, beldurgarria, zer demontre) den horri nire bizitzan txoko bat egiteko asmoz.
Askatasun osoa dut nahi dudanari buruz idazteko, eta beharbada horrek izutzen nau gehien. Nire esku dago, nerea da erantzukizun guztia. Esan nahi dudana fikziozko pertsonaien ahotan jartzera ohituta, kosta egiten zait nire ideiak lehen pertsonan adieraztea. Baina topatuko dut era. Eta ezezaguna zaidan bide hau gogoz hartuko dut, edukiko ditudan estropezuez ikasiz. Asko egongo baitira. Izan ere, hasiberria naiz.