Ibaitik berreskuratutako objektuak erakusketa batean jaso ditu Garbibai mugimenduak. ‘Urumeako altxorrak’ izenburupean, Loiola kultur etxean hainbat traste bitxi ikus daitezke.
Kaxa gardenetan sartu dituzte ibaitik berreskuratutako objektuak, artelan bihurtuz. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Garbibai 2012an hasi zen lanean, Urumean barrena garbiketak eginez, herritar boluntarioei esker. Urtero garbiketak egin dituzte, oinez, txaluparen batean edo padel surfean, eta espero gabeko hainbat traste atera dituzte, ibaia zeharkatuz, eta harrituta utzi dituzten hainbat traste berreskuratu dituzte: botilak, bizikletak, gurpilak… Zaborra sailkatu ostean, tailer gehiago ere egin dituzte, eta horien emaitza ikus daiteke egunotan Loiola kultur etxean. Urumeako Altxorrak izenburupean. Izan ere, Loiola Urumearen hiriburua da, edo hori dio behintzat Jon Urbieta Loiola kultur etxeko zuzendariak.
Azken batean, lehen baloi zikinak, panpin puskatuak edo peluxe zaharkituak zirenak, orain, artelan ederrak dira. Zehazki, kultur etxearen kanpoaldean, objektuei egindako hainbat argazki ikus daitezke; barrualdean, berriz, objektu solteak topa daitezke han-hemen. Gainera, hainbat lagunek egindako lanari esker, traste zahar eta zikinak elkartasun keinu bihurtu dituzte. Hain zuzen ere, kaxa gardenetan jaso dituzte topatutako zaborrak, hirukoteka sailkatuta. Bi kaxa mota osatu dituzte, txikiak eta handiak, eta orain, salgai jarriko dituzte Garbibai.eus webgunearen bidez. Hala, bertatik lortutako dirua, udan Gipuzkoara etorriko diren Saharako haurrei gondolin eskolak emateko erabiliko dute.
Gondolin Kluba, Donostia 2016, Las Usan no paran eta Donostia Kultura dira Garbibairen bultzatzaile nagusiak, eta Antipodes eta Rez!nk-en laguntza ere izan dute.
Ikasleak, oso pozik
Usandizagako ikasle eta ikasle ohi batzuk Garbibairekin bat egin zuten, ia oharkabean, eta beste lagun batzuekin batera talde ederra osatu dute; horietako batzuekin egon da Irutxuloko Hitza. «Urtero diseinatzaile bat etortzen da eskolara hitzaldi bat ematera, eta, aurten, Uruguaiko Felipe Ridao etorri zen, Garbibaiko Marcelorekin batera. Ideia pila bat izan genituen ibaitik ateratako objektuekin gauzak egiteko», dio Mariana Martinezek. Hala, tailer hartan parte hartu zuten lagun batzuk bat egin zuten Garbibairekin, eta sekulako lana egin dute, trasteak artelan bihurtzeko.
Uztaila eta abuztua igaro zuten jasotako zaborra garbitzen eta antolatzen, eta lan handia izan den arren, oso gustura geratu dira azken emaitzarekin. «Dena antolatzea lan handia izan zen, lokatza nola kendu asmatzea ere sekulako lana izan zen», gehitu du Martinezek.
«Oso interesgarria izan da. Jendea ez da konturatzen ibaira zerbait botatzean hor geratzen dela. Nork botatzen du bizikleta bat uretara?», galdetu du Florencia Rodriguezek. Horretaz gain, ikusi arren, atera gabe ere objektu asko utzi behar izan dituztela diote, ezinezkoa zelako. «Zaborrarekin zer gertatzen den konturatzeko balio izan digu, eta, gainera, arlo artistikora eramateko aukera izan dugu, eta hori da gustatzen zaiguna. Oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da», azaldu du Rodriguezek.
Esperientzia gogorra baina polita izateaz gain, gauza askotaz konturatzeko balio izan diela diote. «Ezertarako balio ez zuten gauzei beste erabilera bat eman diegu. Orain bi aldiz pentsatzen dut zerbait zakarretara bota aurretik», dio Celia Raposok. Tailer batzuk ere egin dituzte haurrekin eta herritarrekin, eta objektu bakoitza ibaira zergatik irits zitekeen imajinatu dute, bakoitzari istorio bat gehituz.
Azken batean, orain, ibaia beste begi batzuekin ikusten dutela diote guztiek ere.