"Berri pozgarri batekin atera gara udaletxetik"
Mikel Zabalzari gertatutakoa "argitzeko, erreparazioa eskatzeko eta justizia egiteko" mozioa onartu du udalbatzarrak.
Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak pozik daude EAJ. EH Bildu eta Irabazi alderdiek adostutako mozioak aurrera egin duelako. PSE-EEk osoko zuzenketa jarri zion mozioari, baina gaur adierazi du erretiratu egin duela, “adostasuna ez oztopatzeko”. PSE-EEk abstentzioa eman du, eta PPk kontra bozkatu du, baina beste hiru alderdien aldeko botoekin onartu dute. “Gertatutakoa argitzeko, erreparazioa eskatzeko eta justizia egiteko” mozioak aurrera egin du.
“Duela 30 urte hartutako erabakia berretsi du gaur udalak, hau da, Mikel Zabalzaren auzian egia lortzeko bidean agente aktibo izango dela”, adierazi du Agustin Rodriguez Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak. Ñabardura bat egin du Rodriguezek: “Garaiko PSE-EEren ezetza abstentzioa bihurtu da 30 urteren ondoren”.
“Garai hartako gizarteak ez zuen zalantza izpirik. Ezta gaurko gizarteak ere. Baina 30 urteren ondoren, auziari buruzko bertsio ofizialak jasotzen du jasotzen duena. Ez du egia aitortzen, ez da justiziarik egin, ez da erreparaziorik egin. Arrazoi horiek izan dira mozio hau aurkeztera bultzatu gaituena, hain zuzen. Egia ofiziala eta soziala desberdinak dira. Sozialean kontra egin duten alderdiko kideak ere sartuko nituzke. Denok dakigu zer gertatu zen, haiek ere. Haiek badakite. Eta badakigu haiek badakitela”, azaldu du Rodriguezek.
Adierazi du ezustean hartu dutela PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztea: “Oraindik ez dugu ulertzen, baina azkenean mozioa eztabaidara iristea ahaldu dute. Pozgarria da Herri Ekimenak lanean jarraitu behar duelako. Egia osoa jaso arte lana badugu. Honek indarra ematen digu, oxigenoa ematen digu lanean jarraitzeko”.
Udalbatzarrean asmo txarrez egindako adierazpenak egin direla esan du Rodriguezek: “Esan dute guretzako lehen eta bigarren mailako biktimak daudela. Hori edonork esan dezake. Erabili duten argudioa izan da badirela beste agente batzuek egindako biolentziaren ondorioak argitu gabe daudela. ETAk hildako biktimak aipatu ditu, eta haien hilketak argitu gabe daudela, baina hori ezin da ‘egia, justizia eta aitortza’ eskatzearekin konparatu. Biktima horiek zero minututik biktima gisa aitortu dituzte. Oraindik ofizialki biktima gisa aitortu ez duten kasu batekin ezin dira konparatu”.
Gaurko egunez duela 30 urte atxilotu zuten atxilotu zuten Mikel Zabalza, 1985eko azaroaren 26an. Urtemugaren harira Altzan Mikel Zabalza Herri Ekimena sortu da, eta Mikel Zabalza auzia eta Euskal Herriko tortura kasuei buruzko Objektu galduak dokumentala egitasmoa egiten ari dira.
Erlazionatutako edukiaPSE-EEk eta PPk ez dute Mikel Zabalzari buruzko mozioa babestu