Donostiako Maratoian milaka lagunek parte hartuko dute igandean, 42 kilometro eta 195 metro egiteko erronkarekin; horien artean egongo da Tanit Lezeta egiatarra, seigarren aldiz ibilbidea egiteko gogotsu.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Tanit Lezeta: korrikalaria
Haur Hezkuntzara bideratuta zituen bere ikasketak, eta gerora berezitu zen kirolean; hala, Lasarteko Sasoeta-Zumaburu ikastetxean, soin hezkuntzako irakaslea da egun Tanit Lezeta (Egia, 1980): «Saiatzen naiz haurrei nire zaletasuna transmititzen. Kontatzen dizkiet lasterketak… gogoa pizten saiatzen naiz».
Nolatan zaletu zinen korrika egitera?
Txikitatik izan naiz kirolaria eta mugitua; baina korrika egiten hasi nintzen institutuan nengoela, azterketa garaian. Nire amak korrika egiten zuen eta animatu egin nintzen berarekin. Atotxatik Antiguako tuneleraino joan ginen eta oso sentipen ona izan nuen. Konstantzia handirik gabe, baina astean bitan edo elkarrekin korrika egiten hasi ginen, 30 minutu inguru edo. Nik berez denetariko kirolak probatu ditut txikitatik, eta betidanik egin dudana balleta izan da.
Gogoan duzu zure lehen lasterketa?
Bai, Hiru Hondartzetako Krosa izan zen, 2007an. Handik astebetera, 15 Kilometrotakoa egin nuen. Behobia zerbait ezinezkoa bezala ikusten nuen , baina 15 kilometrokoa ongi egin nuela ikusita, animatu egin nintzen. Gero, urtero hiru lasterketa horiek errepikatzen hasi nintzen, eta baten bat gehiago ere bai; San Silvestre, adibidez.
Nola iritsi zinen maratoia egitera?
Urtez urte emaitzak hobetzen saiatu nintzen. Donibane-Hondarribia maratoi erdia ere egin nuen, Donostia-Hondarribia Talaia Bidea… hortik mendi lasterketetara ere jo nuen, baina ez hain ondo. Lasterketa gogorragoak asfaltoan egitea erabaki nuen, eta horrela iritsi zen Donostiako Maratoia; beste hiru lagunek animatuta. Nire helburua amaitzea izan zen, eta oso argi nuen ezin banuen jarraitu erretiratu egingo nintzela. Egia esan, pila bat gozatu nuen, lasai joateak horretarako aukera ematen dizulako. Pentsatzen nuen bizitzan bakarra izango zela, baina ordutik urtero egin dut. Gogorragoa izan da gerora, denbora jaisten saiatu naizelako, eta, horretarako, entrenatu egin behar duzu. Agian maratoia baino gehiago entrenamenduak dira gogorragoak. Igandero korrika saio luzeak egin izan ditut taldearekin, eta ikustea ezin diezula jarraitu… Mutilekin entrenatzen dut eta agian ni baino indartsuago daude…
Norekin entrenatzen duzu ba?
Maratoia bigarren aldiz egin aurretik, behin joan nintzen korrika saio luze bat egitera, eta izugarri aspertu nintzen. Hurrengo urtean, Donostiarrak atletismo taldekoekin elkartu nintzen, eta askoz ere eramangarriagoa izan zen. Gainera, lasterketaren erdia baino gehiago elkarrekin egin genuen. Orain, klubekoa naiz, eta igandero elkartzen naiz beraiekin maratoiari begira entrenatzeko. Gainontzean, astean zehar, normalean lagun batekin geratzen naiz entrenatzeko.
Urtez urte zure maratoiko denbora jaistea lortu duzu. Zein da zure aurtengo helburua?
Bai, pozik nago orain arte lortutakoarekin, baina aurten ez dakit zer gertatuko den. Badakit ez dudala prestakuntza nahikoa izan, beste gauza batzuekin ere entretenitu naiz. Beno, ez dut etsiko eta saiatuko naiz, baina kontutan izanik agian aurten ez dudala marka hobetzea lortuko.
Lehenengo urtean 3 ordu eta 49 minututan egin nuen, eta ordura arte zapaldutako helmuga desberdinena izan zen, oso berezia izan zen. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan distantzia hori betetzea lortu nuen. Orain, askotan, amorrua ematen dit ez garenean konforme geratzen bukatzearekin; tuntunak bihurtzen gara, minutu bat jaistea ez lortzeagatik; egiteak bakarrik badu meritua, ez? Iaz, 3 ordu eta 18 minutu behar izan nituen, sendo nengoen, eta atera zen atera beharrekoa. Gainera, hiru aste lehenago New Yorkeko maratoia egin nuen, gozatzeko. Gehiegitxo izan zen, ez ditut berriz bi maratoi jarraian egingo.
Nolakoa izan zen New Yorkeko esperientzia?
Ez da xamurra, bere aldapatsoak ditu, zubiak, hotza… baina helmuga oraindik bereziagoa izan zen. Goiz batean aukera ematen dizu hiriaren ideia bat egiteko. Datorren urtean, agian, Berlinekora joango naiz lagun batzuekin, pentsatuko dut.
Maratoia da gogokoen duzun lasterketa orduan?
Gustura egiten dut. Oso gogorra da, batez ere, azken kilometroak, baina pentsatzen dut maratoia niretzako egina dagoela. Motzagoetan, oso urduri jartzen naiz.
Zein da Donostiako Maratoiaren zatirik gogorrena?
Hasierako erritmoak asko eragiten du bukaeran indarra izateko edo ez. Nik uste dut onena lasai ateratzea dela, eta azken 12 kilometroetan aukera izan ezkero, hor estutzea. Donostian, azken sei kilometroak izaten dira gogorrenak. Batzuetan, sufrimenduarekin damutu egiten zara, baina gero itzuli egiten zara.
Nabaritzen duzu emakumeen partaidetza igotzen ari dela?
Oraindik aldea dago, baina nabari da goraka doala, eta pozten naiz. Erresistentzian aldea dago gizon eta emakumeen artean, baina guk ere egin dezakegu. Korrika egitea gure gauza ere da, zergatik ez?