Parte Zaharrean zaborren afera konpontzeko eskatu dute
Herritar eta ostalarien utzikeria salatu dute, eta udalari exijitu diote arazoari aurre egiteko proposamen bat lantzeko.
Zaborren gaineko kontrola jaisten denean, egoerak okerrera egiten duela salatu du Parte Zaharrean Bizi elkarteak. Hondakinak botatzerako orduan bete beharreko araudia ez dela betetzen adierazi du: “Ez da araudia bete nahi, eta udalak ez ditu behar diren baliabideak eta erabakiak hartzen”.
Herritarrei eta ostalariei zuzendu zaie elkartea. Ostalarien kasua larriagoa dela nabarmendu dute: “Ostalariek zaborra jasotzeko oso sistema zehatza dauka, eta euren establezimenduen atarian egiten da gainera”. Taberna itxi eta terrazak kentzen dituztenean, askok zaborra hor uzten dutela salatu dute: “terrazen ordenantzak dio terrazak okupatzen duen eremua eurek garbitu behar dutela”.
Oro har, auzoa zikin dagoela salatu dute. Udan arazoa larriagotu egin dela eta hurrengo urtean, 2016 kultur hiributzaren harira, okerrera egingo dela ohartarazi dute. “Sei hilabete pasa dira udal gobernu berria osatu zenetik, eta oraindik ez dute afera honi aurre egiteko proposamen eraginkorrik aurkeztu”.