Xabier Vazquez: 'Waxap'
Xabier Vazquez, Realzalea
Beno, mutilak, zeinek egingo du aste honetako Futbologia?
Zer? Gogorik ez, ala?
–Nik uste Xabiri tokatzen zaiola. Vazquezi, alegia.
–Eh!!! Aizu, nik ez zaitut halako enbajadetan lardaskatzen.
–Xabi, baina zuri tokatzen zaizu. Gaizki datorkizu ala?
–Ez, baina….
–Reala barregarri geratuko delako bihozkada duela, eta ez du berak egin nahi Futbologia.
–Bihozkada baino bihotzekoa dut Realak Nou Camp edo Camp Nou edo dena delako horretan….
–Beno, baina denoi tokatzen zaizue beti halakoren bat.
–Ez, ez da gauza bera. Hor 30 bat urte izango dira ez dugula han….
–36 urte dira, ni han nintzen.
–Zergatik ez dugu Etxaniz futbologoen whatsapp taldetik bota oraindik?
–Saiatu naiz, baina bera da taldearen administratzaile.
–Bada, futbologo izateari uzten badio, taldetik joan dadila. Beno, kontua da Realak aspalditxo….bale 36 urte daramazkila hor irabazi gabe.
–Daramatzala
–Etxaniz….klaseak…..gorde klaserako!
–Eta hori, Santiago Bernabeun zerbait egin dezakegula kasualitatez, baina Bartzelonan… cronica de una derrota anunciada da. Eta gainera, ziur Bartzelonak beste #valors-keria bat egingo digula ikusiko duzu. Hautsak harrotuko dituen epaileen erabakiak, errespetu faltaren bat…
–Bada, motel. Gustatu ala ez, zuri dagokizu. Beraz, aitzakia onik ezean…
–Bale, nire kontu. Baina… azken 36 urteetako kronikaren bat hartu eta berriz pega nezake.
–Zu zarenarekin asmatuko duzu aitzakiaren bat, partidaz izan ezik, edozer gauzaz idazteko.
–Hara bestea, ez nahi baduzu partidaz hitz egingo dut, jendeari eta zaleei penak areagotzeko.
–Beno, nahi duzuna, baina niri asteazkenerako falta gabe Futbologia.
–Ados, nire kontu, bai.
Oharra, hiru egun ondoren: Barçaren Twitter kontu ofizialetik Realeko jokalarien artean Niebla izenekoa aipatu dute, Bruma ordez. Onartu behar dizuet ez nuela espero hainbesteko adarjotzea…