Muturreko egoeran dauden presoen eskubideen aldeko giza sareak osatuko dituzte
Bihar, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio bat egingo dute Donostian. Giza sareak osatuko dituzte muturreko egoeran dauden presoak etxeratzeko eskatzeko. Easo plazatik (Amara), Plaza Berritik (Egia) eta Gaskonia plazatik (Antigua) irtengo dira giza sareak, era Alderdi Ederren elkartuko dira 19:00etan. Jagoba Codo, Karlos Trenor eta Jon Enparantza preso donostiarren aldeko protesta izango da.
Jagoba Codo amaratarra Castello II espetxean dago preso, etxetik 964 kilometrora. Espondilitis Ankilosante izenarekin ezagutzen den patologia erreumatikoa du. Gaixotasun kronikoa eta larria denez, legea aplikatuz gero, kalean egon beharko luke. Hala izan ordez, Martuteneko espetxean azken lau urteak eman ondoren, Castelloko espetxera urrundu zuten. Codok 51 urte ditu, eta 14 urte eman ditu dagoeneko kartzelan.
Karlos Trenor presoak 71 urte ditu. Ocaña II espetxean dago preso, etxetik 513 kilometrora. Jon Enparantza abokatu antiguatarra erabateko isolamendu egoeran dago preso Segovian. Ezarria dioten neurriaren ondorioz, presoak egun osoan kartzelako langileak baino ez ditu ikusten, eta hogei orduan ziegan egon behar izaten du.
Sare Donostia-ren arabera 65 preso donostiar daude dispertsatuak Frantzian eta Espainian.
Erlazionatutako edukiaJagoba Codo amaratarra askatzeko eskatu dute Easo plazan