EAJ Martuteneko kartzelan eta Tabakaleran izan da; PSE-EE, Anoeta estadioan, arrosak banatzen; eta EH Bilduk independentzia aldarrikatu du Konstituzio plazan.
Eneko Goia alkatea, EAJko Gipuzkoako hautagaiarekin, Tabakaleran egindako ekitaldian. (Argazkia: EAJ)
Astebete igaro da Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina abian jarri zutenetik. Herritarrek abenduaren 20an izango dute hautetsontziekin hitzordua, baina, aurretik, hainbat ekitaldi dituzte aukeran, hautagaien asmoak bertatik bertara ezagutzeko. Momentuz, Donostia kanpainaren eszenatokietako bat izan da. Halaxe gertatu da kanpainaren hasieran, abenduko zubiari muzin eginez, alderdiek ez baitute jai egunik hartu.
Udal gobernuko bi alderdiek zubia baliatu dute euren mezua hirian zabaltzeko. Udalean elkarlanean ari dira, baina hauteskundeei begira aurkariak dira EAJ eta PSE-EE. Lehia horretan, Donostiari zuzenean eragiten dizkioten kontuak kaleratzeko inongo arazorik ez dute izan.
Jeltzaleek, esaterako, Martuteneko kartzelaren aurrean egin zuten ekitaldia, abenduaren 6an. «Madrilen honakoa eskatuko dugu: Martuteneko kartzela Eskuzaitzetara eramateko eta Loiolako kuartelak Donostiarentzat berreskuratzeko», adierazi zuen Madrilgo Kongresurako Gipuzkoako hautagai Joseba Agirretxeak, Donostiako alkate Eneko Goia ondoan zuela.
Biharamunean, bi ordezkari jeltzaleek Tabakalera aukeratu zuten ekitaldia egiteko. Madrilek ez duela Donostia 2016 hiriburutzan sinesten adierazi zuen Agirretxeak: «Donostia 2016 bizirik badago, erakundeetan EAJk egindako kudeaketari esker da».
PSE-EEri dagokionez, Odon Elorza da Kongresurako zerrendaburua. Alkate ohia Ernesto Gascorekin ibili zen han eta hemen; igandean, arrosak banatzen aritu ziren Anoeta estadioaren kanpoaldean, Reala eta Eibarren arteko derbiaren aurretik; astelehenean, batzar ireki bat egin zuten Altzan.
Euskaraz bizi nahi dute
Udalean ordezkaritza duen beste alderdi batek ere, EH Bilduk, presentzia izan du Donostian. Kanpainaren lehen egunean Amaran egin zuten ekitaldia, Espainiako Delegaritzako egoitzaren aurrean, Euskaraz bizi nahi dugu leloarekin. Biharamunean, Konstituzio plazan bildu ziren, hainbat gazterekin batera. Independentzia aldarria zeraman plaka jarri zuten plazan, eta oinetakoak bota zizkieten Madrildik datozen «inposizioei».