biharko, 12:00etan, Easo plazatik abiatuta; proiektua «zentzugabekeria» bat dela diote.
Metroaren proiektuari buruz hainbat bilera antolatu dituzte auzoz auzo. Irudian, Amarako karmeldarretan egindakoa. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostialdeko Metroaren proiektua gelditzeko egituratutako bizilagunen batzarrak manifestaziora deitu du biharko, 12:00etan, Easo plazatik abiatuta. Beharrezkoa ez delako, Metroari ez! izango da protestaren leloa. Izan ere, herritarren plataformak bere lehen prentsaurrekoa duela bost hilabete egin zuenetik, agerraldi publiko guztietan egitasmoa baztertzeko arrazoiak plazaratu ditu, banan-bana.
Ondorengo lerroetan, horietako argudio batzuk ekarri ditu gogora Irutxuloko Hitzak, auzoz auzo egindako bilera informatiboetatik, antolatutako jardueretatik eta agerraldietatik jasota.
Dbus, kaltetua
Metroak Dbus-en zerbitzuetan izango lukeen eragin kaltegarria ohartarazi du behin eta berriz bizilagunen batzarrak, autobus konpainiak egindako azterketa bat oinarri. Txosten horren arabera, Metroak Dbusen bidaiarien kopuruaren jaitsiera ekarriko luke: egoera okerrenean, 5,9 milioi bidaiari gutxiago urtean; hots, erabiltzaileen %20. Errentagarriak diren bi linea kaltetuko lituzke, gainera; 28-Amara-Ospitaleak eta 5-Bentaberri, hain zuzen ere. Azken honetan, 4.600 bidaiari galduko lituzke egunero Dbusek, Metroak Benta Berrin geltokia izango lukeela kontutan hartuta.
Bizilagunen batzarrak hitzaldi bat antolatu zuen Koldo Mitxelena Kulturunean. Ander Gortazar adituak txostenak ondorioztatutakoa berretsi zuen: «Paradoxa bat litzateke: Metroarekin, garraio publiko bat beste garraio publiko batekin lehiatuko litzateke, erabiltzaile berak erakartzeko».
Gortazarren hitzetan, «Topoaren erabilerak gora egingo luke Metroarekin, baina ez ibilgailu pribatuen kalterako, garraio publikoaren beste baliabideen kalterako baizik».
311 etxebizitza, ibilbidean
Metroaren proiektuak trenbidearen ibilbidea zein eraikinen ingurutik igaroko litzatekeen jasotzen du, erakusketa publikoan jarritako dokumentazioaren arabera. Txosten hau ere baliatu dute Metroaren aurkako beste argudio bat mahai gainean jartzeko.
Hain zuzen ere, inbentarioaren arabera, hiru milatik gora familia egon daitezke trenbidearen ibilbidearen perimetroan; Amara, Erdialdea eta Antigua daude ibilbidearen barruan, 4,2 kilometroko lur azpiko trenbidearen inguruan.
Kezka handia zabaldu da bizilagun horien artean, bileretan ikusi ahal izan den bezala, lanek ekar ditzaketen kalteekin arduratuta. «Zer gertatuko da orduan Metroko obrekin hasten direnean? Inguruan ditugun etxeak egurrezkoak dira, eta hondarraren gainean egin zituzten», ohartarazi zuen Easo kaleko bizilagune batek.
Kontxako hondartzaren azpitik ere igaroko litzateke Metroa.
Dirua «xahutzea»
Proiektuaren errentagarritasun ekonomikoa eta soziala zalantzan jarri dute: «Nola egin daiteke 175 milioi euroko gastu publikoa, gehi desbideraketak, proiektuaren errentagarritasun sozial eta ekonomikoari buruz inolako azterketarik agertu gabe?».
Kilometro bakoitzak 55 milioi euroko kostua izango lukeela nabarmendu dute, «zentzugabekeria» bat eraikitzeko, «hiriaren tamainagatik eta eskaera sozialagatik justifikatu ezin daitekeena».
Erdialdean, 16.000 biztanle inguruko gune batean egin nahi dutela Metroa adierazi dute, «oinez hamar minututan zeharkatu daitekeen ingurune batean».
400 alegazio
Proiektua inguratu duen «ilunkeria» eta «informazio gabezia» salatu dute etengabe. Jaurlaritzak alegazioak aurkezteko epea oharkabean pasa nahi izan zuela aipatu dute adibide gisa, legeak eskatutako baldintza hori udan programatzeagatik. Herritarrek, baina, garaiz erantzun zuten, eta 400 alegaziotik gora aurkeztu zituzten uztailean.
Udalak berak eskatu zuen alegazioak aurkezteko epea luza zezaten, eta hala egin zuten.