Parte Zaharrean Bizi kezkatuta dago bizilagunen segurtasunarekin, joan den astean auzoko jatetxe batean beste sute bat egon zelako. Ikerketaren ondorioak publiko egin ditzala eskatu diote udalari.
Portaletas jatetxearen kanpoaldea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Parte Zaharreko Portaletas jatetxean sute bat izan zen joan den abenduaren 7an. Ez zen zauriturik egon, baina Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea kezkatuta azaldu da gertaerarekin, azken urteetan antzekoak gertatu izan direlako.
Hori dela eta, auzotarren segurtasunarekin kezkatuta, hainbat galdera plazaratu ditu, erantzunak jaso eta gogoeta pizteko: «Gertatutakoa argitzea beharrezkoa da, eta gertaera nola kudeatu zuten jakitea; galderak egitea eta erantzunak jasotzea, jakin dezagun zer egin behar den halakoak saihesteko. Ikerketa izapide hutsa izan ez dadin nahi dugu, eta ondorioak publiko egin ditzatela».
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak adierazi du etxebizitza asko egurrezkoak direla, eta ostalaritza arloko 210 lokal daudela auzoan, hainbat baliabide elektriko eta sukaldeekin: «Jatorria zirkuitulabur bat bada, nola gertatu zen duela gutxi berritu duten egoitza batean? Saihestu ezin zen gertaera bat izan zen, edo instalazio elektrikoaren akats bat izan zen? Alarmak eta suteak antzemateko sistemak ondo funtzionatu zuten? Nork egin zuen ikuskapena eta nork bideratu zuen lizentzia? Udalean aurkeztutako egitasmoa bete dute? Zein babes neurri jarri dituzte kearekin ez kutsatzeko? Sute baten ondorioz jasotako hondakinek tratamendu berezi bat behar dute; kasu honetan, prozesua behar bezala bete zuten edo zabortegira eraman zituzten zuzenean?».
Auzo elkartearen arabera, Parte Zaharrean etxabe asko daude ostalariek eurek erosita, biltegi bezala erabiltzeko, horretarako lizentziarik izan gabe: «Udalak badaki zein lokal diren hauek, zein egoeratan dauden eta zer gordetzen duten bertan? Udalak ezin ditu begiak itxi, legez araua betetzeko ardura du, aktibitatearen jarraipena eta baimenen arloari dagokionez».
Gaiari arduraz eta seriotasunez hel diezaion eskatu diote: «Parte Zaharrean lokal edo etxe batek su hartzen badu, ondorioak lazgarriak izan daitezke». Horrenbestez, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hainbat eskaera egin dizkio udalari: ikuskapen plan bat egin dezala proposatu diote, ostalarien instalazioen kontrola egiteko eta, legea bete ezean, zigorrak ezartzeko, besteak beste.