Santos Sarasola: “Aurten disko bat atera dugu, euskal tradizioko abestiekin”

Easo Abesbatzak 75 urte bete ditu, eta sekula baino indartsuago dago; gizonezkoen abesbatza batekin hasi zen, eta, egun, bederatzi talde ditu, 300 partaide ingururekin.

Santos Sarasola; Easo Abesbatzako presidentea.

Santos Sarasola

(Argazkia: Estitxu Zabala)

Easo Abesbatzak 1.100 bazkide inguru ditu, eta bihar bertan eurentzako kontzertuak eskainiko dituzte kantariek, Viktoria Eugenia Antzokian. Easo izena eztabaida baten ondorioz aukeratu zuten, Donostia ordezkatzeko, eta Madrileko Marañon doktorearen etxea zena dute egoitza gisa. Hamar urte daramatza presidente gisa Santos Sarasolak (Amara Zaharra, 1945), jada abeslari gisa hamar urteko bidea soinean zeramala, eta zabal hitz egin du abesbatzaren historiaz.

Ahots grabeen abesbatza gisa jaio zen Easo abesbatza. Nolakoa izan zen sorrera hura?
Jada abesbatzetan parte hartzen zuten hainbat abeslarik, nazionalistak edo errepublikarrak izanda, ezkutatu egin behar izan zuten gerra garaian, eta batzuk ezin izan zuten itzuli. Abesbatzetan sartzeko baldintzak frankistek inposatutakoak zirela ikusi zuten itzuli zirenek. Horrela, eurena sortzea pentsatu zuten; kantua gogoko zutelako, eta euskara indartzeko bidea euskal kantua indartzea zelako. Baziren Parte Zaharreko Agote tabernan entseatzen zuten gizon batzuk, eta beste batzuk, Los cosacos de Zaraustarkoff izenekoak. Batu eta Easo sortu zuten, eta 1940ko otsailean eman zuten lehen emanaldia. Garai hartako artxiboetan ageri denez, zenbait trikimailu erabili behar izan zituzten euskaraz abestu ahal izateko. Kantuen itzulpenak aurkeztu behar zituzten, eta hitz batzuk aldatzen zituzten, baimenak lortzeko.

Urte luzez gizonezko abesbatza moduan mantendu zen, ezta?
Bai, eta hainbat gora-behera izan ditu. Europan izen handiko lehiaketan parte hartu zuten, Frantzian, Galesen, eta Italian, eta hiruak irabazi zituzten. Beharrezko abestiez gain, euren abestian Hator, hator zegoen. Arezzon, gainera, Italian, lehiaketa bat antolatu zuten hamar urteetako irabazleekin, eta hura ere irabazi zuten. Horrek erakusten du ahots onak eta indartsuak zituztela. Geroztik, beste era bateko musikak lantzera ere igaro ziren; opera, sinfoniko korala, eliz musika… eta oso zuzendari onak izan ditu beti, adibidez, Gonzalez Bastida, Tomas Aragues, Pablo Sorozabal eta Juan Urteaga.

Aspalditik duzue Aieteko egoitza?
Gure ezaugarrien artean dago abesbatza nomada bat izan garela. Parte Zaharreko kasinoan egon zen, gaur egun Donostiako Orfeoiaren egoitza denean, Aieteko morroien etxea izandakoan, eta, azkenik, azken hamahiru urteetan, Aieteko Araoz etxean gaude. Eraikina udalarena da, guri utzita; eta ondoan, geroztik egindako auditorioa dugu.

Zenbat lagunek osatzen duzue Easo Abesbatza?
Momentu honetan, bederatzi abesbatza ditugu, eta hamaika formato; batean, gizonak eta mutikoak, eta beste batean, gizonak eta emakumeak. Abesbatzetan, lau ditugu emakumeenak; Araoz Txiki, Araoz Gaztetxo, Araoz Gazte eta Araoz emakumeena. Gizonezkoetan, Easo Txiki, Easo Eskolania eta Easo Koroa. Gregorianoan bereizitako gizonezkoen abesbatza bat ere badugu; eta erretiratuena, gizon eta emakumeena, Cum-jubilo. Guztira, 306 kide gara. Bestetik, Musika Eskola dugu, eta abesbatzetan ez dagoen jendea ere etortzen da. Guk kalkulatzen dugu instrumentuak eta hizkuntza musikala ikastera etortzen direnak beste 300 inguru direla. Beraz, 600 lagun mugitzen ditugu.

Euskal abestiak zabaltzeko asmoz abiatu zen abesbatza. Zein bide jarraitu duzue geroztik?
Aurten, disko bat atera dugu euskal tradizioko kantuekin, eta bide hori formalki jarraitzen dugu; kontzertu gehienetan programa nagusia izaten da. Ziklo eta musika jaialdiena beste alor bat da; aurten, esaterako, Musika Hamabostaldian parte hartu dugu bi operekin, Tosca eta Mendi Mendiyan; gainera, Euskadiko Orkestrarekin bost emanaldi egin ditugu. Bestetik, eliz musika dugu, eta kontzertu asko eman ditugu, azkena, San Bizente elizan.

Urteurrenaren harira ere emanaldi bereziak izan dituzue, ezta?
Bai, Donostiako jaietan parte hartu dugu, herritarrengandik gertu egon nahi genuelako. San Sebastian egunean, banderaren igoeran eta jaitsieran parte hartu genuen; Aste Nagusiaren hasieran, Artillero kantatu genuen; abuztuaren 31ko oroimen gertakarietan egon ginen… azkenik, jaiak etxean ospatzen dira. Abenduaren 12an Trintxerpen egon ginen, eta hilaren 27an gauza bera egingo dugu Viktoria Eugenian, lehengo abeslariak eta oraingo gizonezkoen abesbatza batzea. Trintxerpekoa oso hunkigarria izan zen.

Amateurtasuna mantendu duzue hasieratik, ezta?
Bai, interes publikoko elkarte bat gara. Koralistek eta inguruko guztiak boluntarioak gara, profesionalak kenduta; zuzendariak, pianistak eta bulegoko langileak dira hortaz bizi diren bakarrak. Izaera euskalduna dugu, irekia, eta lagun kuadrillak gara; lagun giroan bizi gara. Gainera, gurasoen parte hartze handia dugu.

Urteurrenaren kontura hausnarketaren bat egin duzue?
Ospatu atzera begira egiten da, baina, bizi, aurrera begira, filosofo ezagun baten esaldia da. Aurrera begiratu behar dugu, eta horretarako, abesbatzak indartzen jarraitu behar dugu, eta kantuen lanketa bereziak egiten.

Zerk desberdintzen du Easo Abesbatza?
Batetik euskal kulturarekiko loturak, bestetik, maila artistikoak; erreferentziazko abesbatza bat da, Andra Marirekin eta orfeoiarekin batera. Hirugarrenik, mutikoen eskolania dugu, eta antzinako musikan espezializatutako abesbatza.

Erronkaren bat duzue?
Abesbatzak indartzea, ekonomia zaintzea, maila artistikoa etengabe hobetzea eta goi mailako emanaldietan parte hartzea. Eta noski, euskal musika zabaltzen jarraitzea. Datorren urtean, adibidez, kultur hiriburutza dator, eta Terranovako abesbatza bat ekarriko dugu, Newman sound. Hemengoekin batera kontzertu batzuk egingo ditugu.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend