Uxue Arzelus: 'Urteroko filma'
Gela handi samarra da. Garai batean poster eta argazkiz beterik egon ziren paretak egun hutsik daude, oroigarritzat gelditu diren zelo arrastoek kutsu goibel bat ematen dietelarik. Iskina batean egurrezko mahai bat trastez beterik: aspaldi funtzionatzeari utzi zioten boligrafoak, erabilitako orriak, ilerako gomak eta ezertarako balio ez duten mila tontakeria. Mahaiaren aurrean egurrezko aulki bat dirudiena, ezin jakin arropa multzo erraldoi batek estaltzen baitu. Aulkiaren aldamenean apalategi bat dago, liburuz eta apunte zaharrez beterik.
Gelaren erdian desegindako ohe bat. Eta, bertan etzanda, hankak paretean luzaturik dituela, gure protagonista. Zapaira begira ari da eta eskuaz ilea orrazten du. Mila ideiari bueltaka ari da.
Urtarrilaren bata da, eta azken bi otorduetan tripa aski bete ondoren ohean etzan da, pentsakor. Beste urte bat hasi berri dela eta berak berdin jarraitzen duela. Ezer aldatu ez dela. Gaizki zegoenak gaizki jarraitzen duela, eta hark ez duela ezer egin hori ekiditeko. “Ez da posible. Aurten bai aldatu beharra daukat.” Eta, beraz, aurretik dituen 365 egunetan bete beharreko helburuak ezarriko dizkio haren buruari: osasuntsuago jatea, kirol gehiago egitea, ingeles maila hobetzea, erretzeari uztea, maratoi batean parte hartzea, munduko gosearekin amaitzea. Helburu errealistak denak.
Helburu guztiak lortzeko pausoak hasiko ditu, inoiz baina gogotsuago, konbentzituta baitago haren bizitza aldatzeko bidea direla. Gimnasioan izen emango du, erretzeari uzteko autolaguntza liburu bat erosiko du, telebistako konfigurazioa aldatuko du telesail eta filmak bertsio originalean ikusi ahal izateko. “Aurten bai” errepikatuko dio haren buruari behin eta berriro.
Baina “aurten bai” hura indarra galtzen joango da, eta urteroko Aurtenbai-a bihurtuko da. Frustrazioz beteriko Aurtenbai bat. Eta hala, urtarrilaren bat berria heltzean urteroko filma errepikatuko da: zelo arrastodun pareta goibelak, trastez beteriko mahaia, arropaz estaliriko aulkia eta helburuz beteriko protagonista pentsakorra.
Urteroko filmaren bertsio berri bat proposatu nahi dut nik. Sekuela bat, remake bat, dena delakoa. Utz ditzagun helburu eta asmo onak maiatzerako. Ahaz ditzagun une batez. Pasa den urtean gaizki edo erdizka egin ditugun gauzetan zentratu beharrean egin dezagun ondo egin ditugunen balorazioa. Onartu ditzagun edukitako gorabeherak. Hasi dezagun urtea bide onetik goazenaren pausu ziurrez. Eta, horrela, beharbada, urteroko film hau txalotzeko moduko bertsio batean bihurtuko dugu.