2015. urtean 155.765 bidaia gehiago egin dituzte Dbus-en zerbitzuetan.
Autobus bat Bulebarrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiarrek, beste hiri eta herriekin konparatuta, lehenengo postuan jarraitzen dute
autobusaren erabilerari dagokionez. Hala dio
Dbus-ek 2015. urteari buruz egindako txostenean. Joan den urtean bidaia kopurua hazi egin da:
28.233.941 bidaia egin dira Dbus-en zerbitzuetan, 2014. urtean baino 155.765 bidaia gehiago.
Dbus-ek dio aurreikuspen guztiak gainditu dituztela.
Uztaila izan da autobusa gehien erabili den hilabetea, 2.528.205 bidaiarekin, eta horren atzetik abuztua 2.462.698 bidaiarekin, iraila 2.446.257 bidaiarekin, urria 2.430.742 bidaiarekin eta azaroa 2.372.023 bidaiarekin.
Donostiar bakoitzak batez beste urtero 153 bidaia egiten ditu.
Linearik erabiliena 28-Amara Ospitaleak linea izan da, 4.712.521 bidaiarekin, eta ondoren 13-Altza linea 3.628.337 bidaiarekin eta 5-BENTABERRI linea 2.994.206 bidaiarekin.
Dbusek azpimarratu du urte osoan, bai neguko hiletan bai udakoetan, autobusa oro har gehiago erabili dela eta, zerbitzu onak eragina izan duelakoan dago: “nagusiki, puntualtasunaren indize altuengatik eta zerbitzuaren abiadura komertzial handiarengatik; izan ere, horregatik da garraio publikoa hiritik mugitzeko modurik eraginkorrena donostiarrentzat”.
San Tomas egunean egin dira bidaia gehien, 115.532 bidaiarekin, eta
Aste Nagusian (abuztuaren 10ean 106.858 bidaia, abuztuaren 14an 106.823 bidaia, eta abuztuaren 12a 104.493 bidaia).
San Sebastian egunaren bezperan ere arrakasta handia izan zuen Dbus-en zerbitzuak: 104.349 bidaia.
Autobusaren batez besteko
erabilera nabarmen hazi da lanegunetan (eguneko 89.311 bidaia, pasa den urtean eguneko 88.552 bidaia izan zirelarik). Larunbatetan eta jaiegunetan, berriz, erabilerari eutsi zaio, eguneko 65.000 bidaiarekin eta eguneko 41.500 bidaiarekin hurrenez hurren.