‘Brumazoa’
Xabier Vazquez, realzalea
Eskertzekoa da Madrileko Emergentzia Zerbitzuak tuit bat jarri izana Vallecasera joan ginen realzaleoi gomendioak euskaraz ematen. Ezin esan euskara oso txukuna zenik, baina, tira, euskararik onena Twitterren idazten dena, batez ere Madrileko kontu batetik bada.
Egia esatera, baina, realzaleoi Bernabeu eta Vallecaseko partidei buruz gehien axola zitzaiguna Madrileko Erkidegoak hartutako erabakien berri edukitzea zen. Horrelako zerbait eskertzekoa izango zatekeen: Se recuerda a todos los aficionados de la Real Sociedad que por orden de la antigua delegada del gobierno en Madrid y ahora presidenta de la Comunidad de Madrid queda prohibido pitar cualquier penalti a favor de la Real Sociedad. Disculpen las…va, que va…no nos preocupa nada.
Euskaraz ala gazteleraz jartzea zuten, berdin da, kontua da guk jakitea aldez aurretik ez zela penaltirik egongo, behintzat ezusterik ez hartzeko. Zeren, antza, bi gauza daude argi Madrilen Realarentzat:
1-Ez digute aldeko penaltirik adieraziko hemendik aurrera.
2-Brumak gol bat sartuko du.
Madrilen aurkako partidan gure aldeko penaltiak ez adierazteaz harago gauza gehiago behar izan zuten guri irabazteko; Rayoren aurka, ordea, horrekin konformatu ziren eta berdinketatxo bat atera ahal izan genuen.
Berdinketa horretan pisua handia izan zuen Brumaren golak, tipoak Championseko gol erabakigarria sartu izan balu bezala ospatu zuena. Noski, esker txarreko ez izateko, pare-parean gintuen zaleok intentsitate berarekin ospatu genuen, telebistan ikusi ahal izan zen bezala.
Bruma, zaleek lasai egoteko esaten dioten jokalari hori. Normalean futbol jokalari profesional batek lasai mantendu behar du bere burua, atzean «benga, motel, denbora bukatzen ari da eta» ohiukatzen dioten ahotsei kasu egin gabe. Bruma da jokalari bakarrenetakoa non bere taldeko zaleek «lasai gizona, nora zoaz?» oihukatu dioten bere taldea irabazten ez doalarik. Demetradze datorkit gogora, baina beste arazo bat zen.
Zaleek eurek lasai egoteko esaten dioten jokalaria. Khokloven odol pixka bat beharko lukeena. Baina onerako ala txarrerako fenomeno bat. Vallecaseko brumazo horrekin, ni behintzat urte osorako irabazi nau. Bai, merkea naiz irabazten, gol bat sartu eta nire aurrera ospatzera etortzearekin nahiko.