Unai Elizasu: 'Eta bla bla bla'
Iritsi dira gabonak… Turroi, mazapan eta, “konpotik? ez eskerrik asko!”
Iritsi dira gabonak… legatza saltsan, bakailaoa saltsan eta ogia saltsan.
Iritsi dira gabonak… opari hau, honi; bestea, honentzako; eta azkena, onentzat!
Iritsi dira gabonak… mendiko jakak, galtzerdiak, eskularruak… danak armairuan.
Iritsi dira gabonak… Kapritxoen garaian, itsuak talaian eta lotsak mahaian (azpian).
Iritsi dira gabonak… Olentzero, errege mago eta artxila mortxila.
Iritsi dira gabonak… urte zaharreko txanpain, mahatsak kanpain eta denak hain, hain, hain…
Iritsi dira gabonak… hainbeste muxu merke, hainbeste besarkada huts eta hainbestetan, hainbeste.
Iritsi dira gabonak… ispilu aurrean “muak”, baskula gainean damuak eta urtarrilerako mamuak.
Iritsi dira gabonak… karterak bete, koloreetako billete… non dago, ET.
Iritsi dira gabonak… gaur, atzoko sobrak. Bihar, gaurkoak. Etzi… izozgailuan egongo da zeozer!
Iritsi dira gabonak… etxeko piñuetan argiak, koloreak, irudiak… eta mendietan piñuak, sutan.
Iritsi dira gabonak… piñupeko zapatillen ondoan, zelofanetan bildutako kaxak… eta kaleetan, kaxapekoak, hankutsik.
Iritsi dira gabonak… bonbila danak argitan, bonbila danak piztuta… eta lepogaina, ilun!
Iritsi dira gabonak… promesak, nahiak, helburuak… agur 2015 eta egutegi berri bat zintzilik.
Iritsi dira gabonak… telebistako trasparentzietan, zenbat gauza ezkutatzen diren…
Iritsi dira gabonak… langabetuak, langa-beteak.
Iritsi dira gabonak… Raxoi, Santxez, Erribera eta Elizak. Eta, Ehtxeak? Publikorik gabeko konzertuan?
Iritsi dira gabonak… eta itsasoa bare! Ohh, ze polita!! Aldaketa klimatikoak dator, eta gu… ohhh, ze polita!
Iritsi dira gabonak… ahaztu penak, ahaztu minak… gogoratzeko modurik onena, ahazteko eskatzea denean…
Iritsi dira gabonak… Kultur hiriburu… eta sagardo botilak, kortxo(enea)rik gabe.
Iritsi dira gabonak… hauxe da aurtengo sagardo berria! Inoizko sagardorik onena, aurtengoa! Baina datorren urtekoa baino eskaxagoa izango dela, zenbat apustu?
Iritsi dira gabonak… watsapp, Facebook eta Twitter… Hastack siempre, kamarada.
Iritsi dira gabonak… tarrapatan, tarrapatan eta sarriegi, tarrapatan.
Urte berri on irakurle.
Urte berri on Hitzako kide.
Urte berri on Donostia, eta herriak.
Urte gerri on.
Urte herri on.
Urte neurri on.
Urte irri on.
On, on eta on!
Off