Alderdi Ederren jarriko duten pantaila erraldoi baten bidez, bi hirietako haurrek batera astinduko dituzte danborrak. Guztira, 11.000 lagunek osatuko dute haur danborrada.
Haur danborradako eta udaleko ordezkariak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Haur danborradaren aurkezpenean poza eta urduritasuna nabariak izan ziren, atzo eguerdian. Udaletxean elkartu ziren pertsonaia nagusien larruan sartuko diren haurrak; Ane Martinez Easo Ederra, Alvaro Larrea Jenerala eta Maitane Artola Danbor Nagusia, tartean. Alfonso Gurpegi Festa Jardueretako zinegotziak azaldu zuenez, aurtengo San Sebastian eguna berezia izango da, Europako Kultur Hiriburutza ospatuko duelako hiriak, hainbat jardueren bidez: «Bere nortasuna mantenduko du, baina hainbat keinu egingo dizkio Hiriburutzari».
Guztira, 7.600 haur ibiliko dira hiriko kaleetan barrena, urtarrilaren 20an, 48 konpainiatan banaturik, baina ez dira egun horretan desfilatuko duten haur bakarrak izango. Izan ere, Wroclaw hiriko ia 4.000 haur ere euren hirian danbor hotsen artean murgilduko dira.
Zehazki, 12:00etan abiatuko dira lehenengoak Alderdi Ederretik,
San Sebastian Martxa eta Europako ereserkia jo ostean. Donostiarekin batera Hiriburutza elkarbanatzen du Poloniako Wroclaw hiriak, eta festarekin bat egingo dute horrela. Donostiarrek aukera izango dute Poloniako haurrak San Sebastian Martxa jotzen eta abesten, Alderdi Ederren jarriko duten pantaila erraldoiari esker. Hala, guztira, 11.000 haurrek ospatuko dute aldi berean San Sebastian eguna. Xabi Paia Donostia 2016 Fundazioko Kultur zuzendaria da, eta oso pozik agertu zen Poloniako haurrek Sarriegiren martxako euskarazko hitzak ikasi dituztelako: «Bi entsegutan egon naiz Wroclawen, eta haurrak euskaraz abesten entzutea zoragarria izan da». Gainera, Paiak kuriositatez aipatu duenez, 2.116 kilometrok banatzen dituzte bi hiriak.
Easo Ederraren karroza XIX. mendearen hasierako gizarte zibila ordezkatzen duten pertsonaiek osatuko dute, iaz bezala, neska-mutilekin. Karrozaren aurretik, sei palafrezainek desfilatuko dute. Zehazki, Hipika E.E. Lantzarien konpainiakoak izango dira aipatutako Jenerala, Laguntzailea eta Easo Ederra; baita damak (Nora Barea eta Carlota Rancel), herritarrak (Iker Martinez, Carlos Bellver), batelariak (Noeli Paola, Naia Herrero), inudeak (Aitana Negredo, Nora Melo), iruleak (Paula Ibañez, Ane Matas), urketariak (Naroa Irigoien, Blanca Urbizu), eta palafrezainak (Telmo Aranzadi, Iker Garmendia, Jon Martinez, Laia Soret, Iñigo Villate, Maria Villate). Danbor Nagusiaren kargua, berriz, Aieteko Jesuitinas ikastetxekoa izango da; irteerako hurrenkera kontuan izanik euren txanda baitzen. «Inbidia handia ematen didazue; nik, zoritxarrez, txikitan ez nuen danborradan ateratzeko aukerarik izan. Ongi egin lanak, eta hartu indarra», esan zien aurkezpenean Eneko Goia alkateak txikiei.
Sukaldaria, lehen aldiz
Hiriburutzaren urteko programa aberastekko asmoz, haur danborradak pertsonaia berri bat estreinatuko du aurten: sukaldaria. Hala erabaki zuten taldeetako ordezkariek, eta 22 konpainietan izango dira aurten sukaldariak. Horien artean, Euskal Billera, Herri Ametsa ikastola, Ibai ikastola, Aitor ikastola, Biteri Zuhaizti eskola eta Santo Tomas Lizeoa.
Danborrada baino lehen, partaideetako batzuk bat egingo dute Viktoria Eugenia Antzokian, urtarrilaren 18an, 12:00etan, haur danborradaren aurkezpenean.